Bere ibilbide luze eta abenturagarrian bi etapa nabarmentzen dira: lehenengoan 14 bolumen eman ziren argitara 1921 eta 1935 urtean bitartean. Gerrate zibilaren eta bertako zuzendariaren eta lankideen atzerriratzearen ondorioz argitarapena eten egin zelarik, bigarren etapan abiatu zen Aranzadi Zientzi Elkartearen argitarapen gisa eta fundatzailearen zuzendaritzapean. 1955tik 1981ra arte doan etapa honetan 16 bolumen eman dira argitara. Eusko Ikaskuntza osoki 1978 urtean berreraiki zelarik, eta Aranzadi Zientzi Elkartearekin adostasunean, Eusko Folklorearen Urtekaria berriro ere Eusko Ikaskuntzaren argitarapen izatera iragan zen. 1988ko urtean Eusko Ikaskuntzak, fundazio ondasun gisa, Eusko Folklorearen Urtekaria ematen dio Jose Miguel de Barandiaran Fundazioari.
Urtekariak euskal etnografia alorrean egindako ikerlanak jasotzen ditu funtsezki, nahiz eta bolumen batzuetan historiaurre eta paletnografia alorretako ikerlanak ere sartzen diren barnean.
Egundaino argitaratu diren 49 bolumenek etnografi material-bilduma osatzen dute eta tradiziozko euskal kultura ikertzen ari direnentzako ezinbesteko dira kontsultarako.
Aldizkari honetako lankideen artean, beste batzuen artean, J.M. Barandiaran, M. de Lekuona, T. de Aranzadi, Caro Baroja, Jesus Mari Larrea, J. Agirre, J. Garate, Juan Garmendia, G. Lacombe, A. Irigarai, Gerardo Lopez de Guereñu, Thalamas Labandibar, J.M. Ugartetxea, Philippe Veyrin e.a. aipa ditzakegu.
2010-2012 urteetan, Eusko Folklore Urtekariaren 1-48 arteko zenbakiak digitalizatu egin dira. Digitalizazioa eta web orrian ipini ahal izan dira, "Dirección General del Libro, Archivo y Bibliotecas del Ministerio de Cultura"-ren eta "Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua"-ren lankidetzari esker.
Zenbaki guztiak kontsulta daitezke Fundazioaren web orrian, argitalpen atalean. 1-14 zenbakiak (1921tik 1934ra) Europeana liburutegi digitalean http://europeana.eu kontsulta daitezke ere, Hedatuz-en bitartez (http://hedatuz.euskomedia.org). Bilduma honek 10.676 orrialde eta gutxi-gorabehera 100 ikerleren lanak biltzen ditu.
Noranzko berria
Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak Eusko Folklorearen Urtekariari noranzko berria eman dio, eta zuzendaritza berritu du; hala, aurrerantzean Abel Ariznabarretak zuzenduko du aldizkaria. “Freskotasuna eman nahiko genioke agerkariari, orain arte landu diren gaiek tokia izango dute, baina berritasunak ere aurreikusten ditugu”, azaldu du Ariznabarretak.
Sakatu hemen artikuluak aurkezteko irizpideak ezagutzeko. Harremanetarako: gasteiz@barandiaranfundazioa.eus.
57 Argitalpen