Ir directamente al contenido

Sarean da Iñaki Intxaurberen ikerlana jasotzen duen Barandiaran Bildumaren 23.zenbakia

2023.12.12

Arkeologia arloko 2022ko Barandiaran Beka eskuratu zuen bizkaitarrak eta 'Ilunpeetako sekretuak argiztatzen' izenburua duen ikerlanaren emaitza da Barandiaran Bildumaren 23. zenbakia. Santimamiñe, Altxerri eta Etxeberriko kobazulo apainduen ikerketa arkeologiko espaziala eta zabalkuntza egitea izan da helburua, 3D erreplika birtualen bidez.

Euskal Herriko Unibertsitateko Geologiako departamentuko doktoratu aurreko ikerlari Iñaki Intxaurbe Alberdik jaso zuen Jose Miguel de Barandiaran Fundazioaren ikerketa beka 2022an. Urte horretan zehar Diego Garate, Martin Arriolabengoa, Olivia Rivero eta Maria Angeles Medina doktoreak izan zituen lagun eta lan horren fruitua da Barandiaran Bildumaren 23. zenbakian jasotzen dena; hain zuzen ere epaimahaiak bikaintasunez baloratutako lana.

Intxaurbek berak azaltzen ditu proiektuaren nondik norakoak: "Proiektu honen helburua, on Jose Migel Barandiaranek duela mende erdi baino gehiago aztertu zituen Santimamiñe, Altxerri eta Etxeberriko kobazuloak ikertzea izan da. Madeleine aldiko (duela 13.500 eta 16.920 urte artean) labar artea gordetzen duten hiru kobazulo euskaldun hauek, beraien sektore apaindu batzuetara iristeko duten zailtasunengatik bereizten dira.  

Lehendabizi, Zuberoako Etxeberriko karbiaren 3D eredua egin da, GIM Geomatics enpresaren laguntzarekin. Lan honetan, Spéléologie des Pyrénées-Atlantiques erakundeko Batzorde Departamentaleko Michel Douat eta Michel Laugaren aholkularitza izan dugu. Kontuan izan behar da, kobazulo honen berezitasunen artean, dituen irisgarritasun arazoak aipatu behar direla. Izan ere, Etxeberriko barruko galerietan ibiltzea oso zaila da. Edonon aurki ditzakegu urez gainezka dauden lakuak, jauzi bertikalak (batzuk hogei metro ingurukoak) eta pausu estuak (30 zentimetroko zabalerakoak).

Beste aldetik, Santimamiñe (Bizkaia) eta Altxerri (Gipuzkoa) ere ikertu ditugu, zeuden 3D modeloak erabiliz. Lan honetan, azterketa geomorfologikoez eta dokumentu historikoen kontsultaz ere baliatu gara, Paleolito garaian zuten itxura birtualki berreraikitzeko eta Informazio Geografikoko Sistemak erabiliz ikertu ahal izateko.

Honi esker, Paleolito garaiko gizarteen ezagutzan sakondu ahal izan dugu, eta kobazuloen alde sakonen esplorazioa eta jabetza nola egin zuten ikertu.

Ikerlana digitalki eskuragarri
Jose Miguel de Barandiaran Fundazioaren weborrian eskuratu daiteke Ilunpeetako sekretuak argiztatzen liburua, doan.

Horrez gainera, ikerlariek “emaitza aipagarrien artean, kobazulo hauetan aurkitu dituzten labar irudi berriak aipatu ditzakegu, bereziki zaldi baten grabatua Etxeberrin (Zuberoa) eta emakumeen irudi estilizatuak Altxerrin (Gipuzkoa). Gainera, irudi hauetako batzuk https://skfb.ly/oEAW7 estekan jarri dituzte ikusgai”.

Jose Miguel de Barandiaran Fundazioaren weborrian eskuratu daiteke liburua.

 

Interesgarria izan daiteke


Abel Ariznabarreta da Jose Miguel de Barandiaran Fundazioko lehendakari berria

2023.11.09

Berri osoa irakurri

Cookieen kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez.