Ir directamente al contenido

Barandiaran Bekak gaztainondoaren inguruko ikerketa babestuko du 2023an

2023.01.31

Akaitz Sarasola Mugertzak eta Aintzane Cortajarena Alejosek aurkeztutako 'Gaztainondoaren etnografia bat Tolosaldean' proiektuak jaso du 2023ko Barandiaran Ikerketa Beka.

2022ko abenduaren 30ean elkartu zen Barandiaran Bekaren epaimahaia deialdira aurkeztutako 9 lanen inguruko ebazpena emateko eta aho batez onartu zen  'Gaztainondoaren etnografia bat Tolosaldean' lanari esleitzea beka. "Etnografia-antropologia arloko deialdi honetara aurkeztutako proposamen guztien artean hoberen garatuta dagoen proiektua da (diseinua, helburuak, hipotesiak, metodologia, bibliografia). Talde gaztea izan arren, ilusioz beteta dagoela ikusten da".

Ikasleak dira bi sarituak: Aintzane Cortajarena Alejos (Asteasu, 2000), Gizarte Antropologia graduko azken urteko ikaslea da eta Akaitz Sarasola Mugertza (Lizartza, 1999) berriz, Nekazaritza eta Basogintzako Ingeniaritza gradu bikoitzeko azken urtean dago. Biek, gaiarekin lotura zuzena dute eta diotenez, "txikitatik, erraztasun eta ohitura handia izan dugu inguruko pertsona helduekin elkarrizketan aritzekoa, garai bateko kontuak eta bizimodua ezagutzeko asmoz".  

Gaztainondoaren etnografia bat Tolosaldean ikerketa gaztainondoaren-kultura eta hori barne hartzen duenaren azterketa bat egiteko egitasmoa dela adierazi dute. "Hutsune bat sentitzen genuen gure kulturan hain garrantzitsua eta oinarrizkoa izan den zuhaitz eta elikagai baten inguruan, oso lan gutxi baitaude, eta apurka gaztainondo-kultura hori guztia ahanzturan erortzen ari baita. Hori dela eta, egitasmo honen bitartez Tolosaldean, gure eskualdea den horretan, gaztainondoak eta gaztainak zer nolako garrantzia izan duen aztertzea da helburu nagusia, gaur egunean kultura horrek utzitako arrastoetan fokua jarriz. Honen bitartez, gaztainondoaren-kultura horren gaur egungo egoera aztertu nahi da ere. Gu geu Esparru zientifiko ezberdinetako kideak izateak, ikuspegi zabalagoa ematen dio taldeari, eta horrelako gai bat lantzeko oso aberasgarria eta beharrezkoa delakoan gaude. Zenbaitetan esan ohi den bezala, Etnografia diziplina anitza da, eta hori dela eta ezinbestekotzat jotzen dugu horrelako ikerketa baterako bi arlo hauek batzea".

Aukeratutako eskualdea ere nahiko zabala da . "Tolosaldeak 28 herri biltzen ditu, eta bakoitzean gaztainondoarekin izandako harremana desberdina izan daiteke. Oro har, gaur egun gaztainondoaren-kultura nahiko galdua dago, eta errealitate horrek oztopo egingo digulakoan gaude lanean. Gure ustez kultura hori guztia oso momentu eta egoera jakinetan mantentzen da, irudimen kolektiboaren parte izanik. Jende helduak, beharbada, beste errealitate bat eskainiko digulakoan gaude, zenbait pertsonen memorian gaztainondoak garrantzia izaten jarraituko duela uste baitugu. Aspaldidanik gabiltza gaztainondoa eta gaztainaren inguruan interesatuta eta ibilbide akademikoan zehar lan ezberdinak egin ditugu, bakoitzak bere arloan". Aintzane, bereziki, gaztainak herri ohituretan izan duen garrantziaz dago arduratuta.  Akaitz berriz, alde teknikoago baten bila dabil, oso gustukoa baitu txertaketa eta bertako aldaera tradizionalen iraupenean dihardu buru belarri.

Interesgarria izan daiteke


Euskal gastronomia Eusko Folklore Urtekariaren ardatz

2023.01.02

Berri osoa irakurri

Cookieen kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez.