Auzolana, Eusko Folklore Urtekariaren ardatz
2024.12.30
Eusko Folklore Urtekaria 58. zenbakira iritsi da 2024an eta oraingo honetan 'Auzolana' gaiaren inguruko lanak jasotzen ditu, baita bestelako ekarpen libreak ere.
Gure bizimodu tradizionalean, onura komuneko prestazioez hitz egiterakoan auzolana kontzeptua dugu nagusi. Artikuluetariko baten egile den Patxi Jauristiren esanetan, “etxe, auzo, anaidi, herri eta partzuergo hauen funtzionamenduaren oinarrian, badagoela ondasun iraunkorrekiko eta inguru hurbileko pertsonekiko harremanak ulertzeko modu bat; badago mendez mende gureganaino heldu den mundu ikuskera edo gizarte filosofia bat; badago gizarte bizitza eta herrigintza ulertzeko eta antolatzeko eredu bat”.
Abel Ariznabarreta Zuberok hitzaurrean jasotzen duen bezalaxe, "testuinguru horretan kokaturik, ulertu behar dugu elkarri laguntzeko sistema bat egiaztatze hutsetik harago, mundua eta bizitza ulertzeko modu bat dugula auzolana, kosmobisio oso bat, azken batean. Asko hitz egiten da gaur egun ere auzolanaz gure artean: zergatik ote da? Baina, nola ulertzen da gaur egun edota nolako gaurkotasuna du auzolanak? Zein da egungo gizartean betetzen duen eginkizun soziala? Eta, etorkizuneko gizarteari begira, nolako aukerak ikusten dizkiogu? Jakingura sakon bat adierazten duten galdera hauen inguruan egituratu nahi izan dugu eskuetan duzuen Eusko Folklore Urtekariaren 58. ale honen edukia".