Sara Etxeko leihoak irekita Barandiaranen esentziaz kutsatu dira bisitariak uztailean
2019.07.17
Ataungo Jentilbaratza Kultur Elkarteak antolatuta bi ekitaldi berezi egin dira 2019ko uztailean. Batetik, hilaren 6an Mitoaldia eta bestetik, Gau Ibilaldi Mitologikoa, uztailaren 13an.
(Jon Aizpurua bisitariei azalpenak ematen Mitoaldian. Argazkia: Jentilbaratza K.E.)
Lehenengo ekimenari dagokionez, "Murkondo inguruan (Perunezaharretik Errotarainoko zeharra) mito izenak dituzten lekuetatik eta Barandiaranen bizitzan garrantzitsuak izan ziren tokietatik, Jon Aizpuruaren gidaritzapean, ibilaldi bat egin zen", adierazi du Santi Etxeberria elkarteko kideak. Tartean, Sara Etxeko leihoak ireki zituen Fundazioak, Barandiaranek azken urteetan lantoki nagusi izan zuen egongelaren handitasunaz jabetzeko aukera emanez bisitariei.
(Gau Ibilaldi Mitologikoaren une bat. Argazkia: Nekane Galparsoro)
Berdin uztailaren 13ko gauean ere; hala, Gau Ibilaldi Mitologikoaren baitan azken urteetan bezalaxe, Jose Miguel Barandiaran irudikatuz aktore batek ataundar jakintsuak makina bat aldiz ibilitako bidea egin, Sara Etxean sartu eta egongelako bere mahaian eserita, lanean ikusi ahal izan zuten ekimenera animatutako lagunek.
Ataunek magiaz beteriko tokia izaten jarraitzen du, zalantzarik gabe, iraganak, mitoak eta orainak bat egiten duten lekua.