Ir directamente al contenido

Iñaki Intxaurberentzat 2022ko Barandiaran Beka

2022.01.10

2022.01.10

Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak ematen duen Barandiaran Bekak badu irabazlea; Iñaki Intxaurbe Alberdik (Bilbo, 1992) zuzendutako Ilunpeetako sekretuak argiztatzen proiektuari esleitu zion aho batez epaimahaiak 2022ko beka abenduaren 28an eginiko bileran. Intxaurbe Euskal Herriko Unibertsitateko Geologiako Departamentuan (Zientzia eta Teknologia Fakultatean) ari da doktoretza aurreko ikerketak egiten. Intxaurbek Diego Garate, Martin Arriolabengoa, Olivia Rivero eta Mª Ángeles Medina doktoreak izango ditu laguntzaile ikerketan.

Iñaki Intxaurbe Alberdi. 2022ko Barandiaran Bekaren irabazlea:

'Ilunpeetako sekretuak argiztatzen' proiektua aurkeztuta irabazi duzue Barandiaran Beka. Kontatu labur zertan datzan.
Pasa den mendean (XX.) Barandiarango on Jose Miguelek Euskal Herriko Paleolito garaiko labar artea zuten zenbait kobazulo ikertu zituen. Beraien artean Santimamiñe, Altxerri eta Etxeberri daude, bakoitza Euskal Herriko punta batean kokatuta (Bizkaian, Gipuzkoan eta Zuberoan). Ikerketa honen bidez, Etxeberriko karbiaren 3D modelo bat egitea proposatzen dugu, eta jada eginda dauden Santimamiñe eta Altxerriko 3D-ak erabiliz, hauen labar-artearen parametro espazialak ikertzea (ikusgarritasuna, edukiera, eta batez ere irisgarritasuna). Teknika berritzaile hauen bidez, publiko orokorrarentzako zein beste ikertzaileei zuzenduriko dokumentazioa sortzea dugu helburu (erreplika digitalak, datu baseak, etabar.), laburbilduz, koba hauen sekretuak argitara ateratzea.

IñakiIntxaurbe

Zer nolako helburuak lortu nahi dituzue lan honekin?
Orokorki hitz egiten, 14.000 urte inguru duten artelan hauek ezkutatzen duten zenbait misteriori erantzuna eman nahi diegu, puntako teknologia erabiliz erabiliz (3D teknologia eta Geografia Informazio Sistemak, besteak beste). Erantzun nahiko genituzken galderen artean, hurrengokoak egongo lirateke:
  -Zertarako egin zituzten artelanak iristeko hain zailak diren tokietan? Ezberdintasunik ahal dago bestelako toki errezagoetan kokatuta dauden irudiekin?
  -Nola gainditu zituzten kobazulo hauetako zailtasunak eta arriskuak? Zer nolatako teknologia erabili zuten? Zenbateko esfortzu eta denbora inbertitzen zuten Paleolitoko gizarte hauek era honetako ekintza sinbolikoetan?
  -Zein zen artelan hauen egileen edota balizko ikusleen profila? Publiko orokorrari zabalik zeuden ekintzak ziren? Hala taldeko bakan batzuk bakarrik hartzen zuten parte?

Zergatik Santimamiñe, Altxerri eta Etxeberri eta ez beste haitzulo batzuk?
Lehenik eta behin, kobazulo hauek ezaugarri azpimagarri bat dute: labar artea iristeko oso zailak diren tokietan dago. Gaur egungo teknologia erabili gabe (pasarelak, eskailerak, sokak, ...) zona apainduetara iristea oso arriskutsua izango litzateke. Salto bertikalak, erlaitz estuak eta pasabide oso estuak igaro behar dira. Zeharkatu beharreko lakuak eta putzuak ere badaude noiz-behinka.

Honetaz aparte, hiru kobazuloak garai beretsuetan apainduak izan ziren, Madeleine aldian hain zuzen (duela 14.000 eta 11.700 urte artean, kalibratu gabe). Ezaugarri honek beraien arteko alderazioak egitea nolabait ahalbidetuko luke, beraiek egin zituzten gizarteak elkarren artetik gertuago egongo bailirateke, gehiengo glaziar aurretikoekin alderatuko bagenitu.

Azkenik, kobazulo bakoitza oso ezberdinki ezagutzen da euskal gizartean. Santimamiñe ia 90 urtez egon zen zabalik, eta 1969tik 2007-ra arte, era intentsibo batean esplotatua izan zen turistikoki. Honek kobazuloa oso larriki kaltetu zuen (estuasunak apurtu ziren bisitariei bidea errazteko, lurzorua hartxintzarrez bete, eskailerak eta pasarelak nonahi ipini...). Tamalez, irudietako batzuk ustiapen ezegoki honengatik betirako ezabatu egin ziren. Gaur egun publikoak bisita erdi fisiko eta erdi birtual baten bidez bisitatu dezake. Altxerriren kasuan, nahiko ezaguna da gizartean, betidanik itxita egon den arren. Honetan, UNESCOk emandako Gizateriaren Ondare titulua legoke. Bere irudietako batzuk nahiko kaltetuak daude ere, baina ezaugarri naturalengatik da (geologikoak eta biologikoak gehienbat). Etxeberriko karbia, ordea guztiz ezezaguna da gizarte orokorrarentzat. Bere labar artea, 1950ko maiatzaren 1ean aurkitu zuten, hau da, duela 72 urte. Hau honela izan arren, zenbait ikerlarik egindako ikerketak kenduta, kobazuloko labar artea ez da batere ezaguna, bere kokapenagatik ziur aski Arbailetako mendilerroan "galduta" dagoela esan genezake, Zuberoako herri txikitxo batean (Gamere-Zihiga). Gainera, espeleologia eskola bezala erabilia izan zen zenbait urtetan (labar artea jada aurkituta zegoen arren), eta honek zenbait irudiren kaltetzea sorrarazi zuen tamalez. Gure proiektuaren bidez, hiru kobazulo hauen sekretuak publikoari zabaldu nahiko genituzke, edonorentzat eskuragarri dauden aplikazio eta web orrien bidez (adibidez Youtube edota Sketchfab).

Zer esan nahi du zuretzat Barandiaran Beka irabazteak?
Nire ikerlari bizitzan mugarri bat suposatzen du garrantzi honetako dirulaguntza bat irabazteak, eskatzen dudan gisa honetako lehen proiektua baita. Eta are gehiago, Euskal Herriko aurrehistoriaren ikerketan izan zen pertsonaia garrantzitsuenaren izena badarama. Benetako ohorea da. Saiatuko gara lana ahalik eta hoberen egiten, esleipen hau merezia izan dadin.

Interesgarria izan daiteke


Mendea beteta iritsi da 55.zenbakira Eusko Folklore Urtekaria

2021.12.14

Berri osoa irakurri

Cookieen kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez.