Barandiaran mugak gainditzen
2019.02.05
Jakina da Jose Miguel Barandiaran Euskal Herrian ez ezik ezaguna izan zela gure mugetatik haratago ere; laster nabarmendu zen bere jardunagatik atzerrian, eta besteen artean, puntako mintegietan parte hartzera gonbidatua izan zen. Hainbat adibide jaso zituen Argitxu Camus Etchecoparek 'Europa, Barandiaran eta baloreak' mahai-inguruen harira 2016an landutako 'Barandiaran eta Europa' hitzaldian: Paris, Kolonia, Mainz, Munich, Leipzig, Berlin, Holanda, Akisgran...
Ingalaterraren kasuan, aipagarria da, esate baterako, duela ia mende bat, 1920 hamarkadan Londreseko Folklore Society-ko kide egin zela eta beranduago, 1946an, Londreseko Royal Anthropological Institute-ean sartu zela. Urte hartatik eta 1950 bitartean Londresen eta Oxforden antolatutako hainbat kongresutan hartu zuen parte ataundarrak.
Gaur egun ere Barandiaranek mugak gainditzen segitzen du, hark sortutako Eusko Folklore Urtekariak Euskal Herritik kanpo ere interesa pizten jarraitzen baitu, tartean, Londresko British Museumetik.