Patronatuak 2018ko aurrekontua onartu du
2018.03.22
Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan egin du Jose Miguel de Barandiaran Fundazioaren Patronatuak urteko lehenengo bilera. Askotariko gaiak ipini zituzten mahai gainean martxoaren 21eginiko bilkuran.
Besteen artean, 2017 urteko kontuak onartu zituzten eta baita 2018ari dagokion aurrekontua ere. Bestelako gaiak ere izan zituzten mintzagai patronokideek: Eusko Folklorearen Urtekariaren 52. zenbakia (dagoeneko martxan dagoena eta urrirako kaleratzea aurreikusten dena) zein Barandiaran Beka, esaterako; horiek dira egun Fundazioak dituen oinarrizko zutabeak.
Fundazioak Ataundik kanpo egiten du urtean zehar antolatutako bi bileretako lehena, eta Gipuzkoako hiriburuan eginikoan honakoek hartu zuten parte: Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Politika Sailburu Bingen Zupiria, Nafarroako Kultura Zuzendari Fernando Perez, Gipuzkoako Kultura Zuzendari María José Telleria, Bizkaiko Kultura Zuzendari Andoni Iturbe, Ataungo alkate Asier Rodriguez eta Ataungo Kultura zinegotzi Karmele Aierbe. Eusko Ikaskuntzaren ordezkari gisa, berriz, Fundazioko presidente Josemari Velez de Mendizabal eta Jexux Aizpurua egon ziren bertan.