• biografia.jpg


Haurtzaroa

1889garren urtea bukatzear zegoenean, urtezahar egunean zehatzago, Ataungo San Gregorioko Perune Zarra baserrian mundu honetara iriste zen Barandiarango On Jose Miguel. Frantzisko Antonio Barandiaran eta Maria Antonia Aierbe-ren bederatzigarren semea. Bost mutiletatik bi umetan hil ziren. Lau alabetatik hiru moja sartu ziren, berriz.

On Jose Migelen aita izan zen baserria eta lantzen zituen lurrak erosi zituena. Lehendik bertako maizterrak ziren. Baserritar izateaz gain, tratantea zen bere aita. On Jose Migelek gogoan dauka Altsasu edo Ordiziako feriatik itzultzerakoan nola irabazitako dirua familiaren aurrean jartzen zuen. Ez ziren aberatsak baina ez zuten larritasunik jasan.

Ataungo familia gehienak baserritik bizi ziren garai hartan. San Gregorion bizi ziren mila biztanleetatik hogei baino gehiago ez ziren izango sinetzako gai zirenak.

On Jose Migel jaio zen garaian hasi zen Beasain eta Ataun lotzen zituen autobusa ibiltzen, baina, mende honen lehenengo hamarkadan, hura erabiltzen zuten bakarrak aberatsak omen ziren.

Gaztelera apaizak eta aberats batzuk bakarrik ezagutzen zuten, aberats eta jakintsuen hizkuntzatzat hartzen zen garai hartan.

Herri eta biztanleen giroan istorio mitiko eta magikoak bizi-bizirik zirauten, artean ere.

"Ilargi amandrea" hots eginez agurtzen omen zuten ilargia haurrek. Zubi bat Mikolas-ek egina omen zen...: haren azpian, beste garai batean, lamiak bizi omen ziren...: il bete gauetan, erreka hartan sorginek bere arropak garbitzen omen zituzten...: inguruko haitzuloetan Tartalo begibakarreko gizonjalea bizi izan omen zen...: basajauna oihanetan bizi omen zen...: hau dena egiatzat hartzen zuten.

Horrelako sineskeriek jendearen bizitzan eragin handia zeukaten eta, San Juan bezperan lizarrosto eta elorri adarrez etxea babestea edo baserriaren atean eguzki-lorea josiaz sorginengandik begiratzea, ohizko jardunak ziren.

Guzti hau ere, bestalde, kristautasunean oinarritutako gizarte baten egiten zen. Eliz-deiak ugariak ziren. On Jose Migelen familian bertan artoa zuritzen ari ziren bitartean santuen bizitzak irakurtzen zituzten sarritan.

Mito eta ohitura zaharrez zipriztindutako kristau giro honetan igaro zuen bere haurtzaroa.

On Jose Migelek urte hauek ez zituen inoiz ahaztu eta bere herriarekiko loturak estuak izan ziren beti. Saran, atzerriratua zegoenean. Noizbehinka Larrun-era igotzen zen, handik Ernio ikus zitekeelako eta Erniotik, berriz, bere jaiotetxea.

Sustraiko lotura hau bere familia eta haurtzaroko oroitzapen eta herriminean oinarritua zegoen.

Jose Migelek berak esan bezala: "Familiarekiko maitasuna da, gehinetan aztarna sakonenak uzten dituena, batez ere baserriko seme-alabengan: trinkoena, luzeena, saminena baita, gizonaren bizitza luzaro betetzen duen bakarra".

Jarrai dezagun familiarekin. Aitak ez zekien irakurtzen ez eta idazten ere, baina gizon argia zen. Herriko organujoleak esanda, bere alabetako batek musikarako dohaina zuela jakin zuenean, gehiago pentsatu gabe, piano bat erosi zion. Piano hura idi gurdi baten gainean sartu zen Ataungo baserri hartara XIX. mendearen bukaeran. Horrela ekarri bai zuen Ordiziatik feria egun batean. Alaba hau, geroago komentura sartu zen eta musika irakasle egon zen beste komentu askotan. Angelu-ko Saint Bernard-eko organujole izendatu zuten arte.

JESUS ALTUNA DK.