• biografia.jpg


Gasteizko Seminarioan

Hurrengo udazkenean katedral zaharraren ondoko Gasteizko Seminariora pasa zen. Han egiten zituen Filosofia eta Teologia ikasketak. Ikasgai guztietan arreta handia jartzen zuen, eta ardura handiz ikasten zituen denak. Bitartean, eta bere kasa, Magisteritzako ikasketak burutu zituen.

Fisika eta Geologia ikasketek erakarri zuten bere aditasun bereziena. Udaldian, Mendiko Ingeniaritza ikasten zuen beste ataundar batekin, herriko mendietan zehar ateraldi ugari egiten zituen, mendi horien egitura geologikoa aztertuaz.

Den dena lasai joan zen Teologia ikasketen erdi aldera iritsi zen arte. Bere aldetik zabaltzen zituen Soziologia eta Zientzia ikasketak ordu-arteko kristau sinesmen trinkoa zalantzan jarri zuten ikasketak ardura berezi batez sakontzen.

Zalantza hauek gainditu zituenean, ez zen nahikoa izan berarentzat Erlijioen Historiari buruzko ezagupen zabal bat edukitzea. Ikerketak, bere kabuz, bertatik bertara egin nahi izan zituen; horretarako bere herritik hastea hoberena izango zela pentsatu zuen; kristautasunak bereganatutako erlijio zaharren hondarrak bizirik irauten zutela ikusten baitzuen bere haurtzaroko mila adibidetan. Orduantxe ireki ziren berak aurrerantzean jarraituko zituen bi ikerketa bide garrantzitsuenak: Euskal Herriko Etnografia eta Arkeologia.

Bere zalantzak argitzeko egindako ikasketak sinestunen ikerketa-lanetan oinarrituta zeudenez, sinesmen ezberdinetako ikertzailen ideien parean jarri nahi izan zituen bereak, lasaitasun osoa lortzeko. Eta honela, hara non ikusten dugun 1913ko udako oporretan, karrera bukatu baina urte bete lehenago, Leipzig-eko Unibertsitatean Wundt Irakaslearen Herrien Psikologiaz ari zen ikastaro batean.

Karrerako urtearen hasieran, Gasteizen Erlijioen Historia irakatsi behar zuela esan zioten, baina ikasketa plangintzan aldaketa zela medio, eta Fisika irakaslerik ez zegoenez, ikasgai hau emateko jarri zuten behin-behinekoz. Fisika irakasten aritu zen 1936an Espainiako gerrak Gasteizko Seminarioko irakaskuntza utzarazi zion arte.

1914 urtearen bukaeran apaizgintza hartu zuen eta Burgosera bidali zuten Teologia Lizentziatura lortzera.

Hurrengo urtean aita hil zitzaion.

Europako I. Gerratea hasi zenean, Barandiaranek, berak egindako irrati-aparailu batean entzuten zituen eta egunkarietan azaldu baino lehen, ezagutu eta komentatzen zituan. Honek arazo ekarri zizkion: Probintziako agintariek espioitza kasu baten aurrean ote zeunden beldur, behin baino gehiagotan arakatu zioten etxea. Miaketa horien ondorioz, eta aparailu hura edozeinek egin zezakeela ikustean, bakean utzi zuten.