• biografia.jpg


Eskolan

Jose Migel gaztearen erlijio ikasketak amaren eskutik etorri ziren. Herriko eskolan ikasi zituen lehenengo letrak. Testu guztiak gazteleraz zeuden, nahiz eta haurrek tutik ere ulertu ez. "Eraztunarena" zuzen zuzen betetzen zen. Euskaraz hitz egiten zuenari eraztuna pasatzen zioten, eta egunaren bukaeran eraztuna zeramana zigortua izaten zen. Haurrak bere ikaskideek salatzen saiatzen ziren, eraztuna pasa eta zigorrik ez jasotzeko.

Gauza guzti hauegatik, Jose Migel gazteak ez zuen gustuko herriko eskola. Halere, aurrerapen galantak egiten zituen. Eskola horretan 14 urte bete arte egon zen eta orduan apaiz joatea erabaki zuen. Bere gurasoek sufritu beharko zituzten diru arazoen jakinean, Baliarraingo Oharkaritzara sartu zen.

Lehenengo egunean, Oharkariak ikasleei biharamunean seietan jaikitzeko agindua eman zien. Ordu horretarako Jose Migel esna zegoen eta elizako kanpandorreko seiak entzun zituen. Beste gela eta pasilloetan ezer ez zela entzuten eta ordua iragarri behar zuela bururatu zitzaion. Bere artean pentsatu zuen: Jaunak = Señores, Seiek = las seis. Jo due = "han pegado". Pasillora irten eta bertan bota zuen: "Señores, las seis han pegado".

Handik aurrera egunero bere lagunek errepikatzen zioten atsedenalditan: "las seis han pegado".

Eskolaz aldatzea gogorra egin zitzaion. Alde batelik etxe-mina, bestetik bere gaztelera traketsa. Hiru hilabete igarotakoan pentsioaren ordain-agiria eman ziotenean, bere gurasoek egindako ahalegina izugarria iruditu zitzaion, batez ere bere ustez egindako aurrerapen eskasa ikusita. Gabonak pasatzera etxera itzulitakoan, ez zuela Oharkaritzara berriro joan nahi esan zion bere amari. Amak ulertu zituen semearen arrazoiak, baina aldi berean haren ikasketak bide onetik zihoazela jakin zuen (bi urteko ikasketak batean burutuko zituen ikasle bakarra baitzen). Bere aitak semea batez ere diru arazoengatik kezkatzen zela ikusiaz, hau esan zion: "Apaiz egin nahi baduk, jarrai bide horretatik. Mundu honetan lan gogorra egin behar duk nahi dena lortzeko".

Ikasturtearen amaieran, azterketak Gasteizko seminarioan egiten zituzten. Epaimahaiburuak, Seminarioko Erretoreak, ataundarra sartutakoan, honela esan zuen euskaraz:

"Ataungo frutua"

"Ez ola oittua" erantzun zuen gazteak lotsa gaindituz.

Azterketa bukatu ondoren honela esan zion: "Latina gaztelera baino hobetoago ezagutzen duzu. Baina gaztelera ere ikasi beharra dago".

Ez zuen azterketa pasatzeko itxaropenik. Nota eman arte urduri egon zen, baina, hura poza bi kurtso batean gainditu zituela esan ziotenean!

Bere bizitzako une pozgarrienetakoa bezala gogoratzen zuen hau On Jose Migelek. Ataunera itzuli zen, beste ikaskideekin trenetik etxafuegoak botaz. Azkenekoa bere baserrira iristen ari zenean bota zuen.

Bere amak, semea hain pozik ikusterakoan, arrakastarekin bera ere pozik egon zitekeela pentsatu zuen, eta atarira aterata sagarren zamarekin lurreraino okertuta zeuden sagarrondoak erakutsiz, hauxe esan zion:

"Sagarrondo honek lezio ederra erakusten digute. Zenbat eta sagar gehiago eman, ordun eta apalagoak azaltzen zaizkigu".

Udazkenean Baliarrainera gogotsu abiatu zen latineko hirugarren urtea egitera. Baina, Eguberritako oporrak bere bizitzako tristeenak izan ziren. Oporrak hasi eta berehala ama hil zitzaion. Oraindik gogoan dauka bizi-bizian On Jose Migelek galera horrek ekarri zion atsekabe izugarria. Ezin zuen sinetsi bere ama gehiago ikusiko ez zuenik.