• biografia.jpg


1953: Ataunera Itzulera

Honela bada, eta 17 urte luzeen ondoren 1953ko Urrian bere jaioterria itzuli zen. Handik egun batzuetara estreinatu zuen aipatutako katedra 10 hitzalditako jardunaldi batzuez.

Aldi berean, bere iloba Pilar, Sarako Bidartea etxea eredutzat hartuta, etxe bat erabiltzen hasten da Ataunen. Sara izendatu zuten.

Behin hemen finkatuz gero tarteka-marteka halako erromeriak egiten hasi zen Arantzazura bere ilobekin batera. Lehenbizikoan eta Kataberatik gora Urbia parean ilobak atsedenaldi bat hartzen zuten bitartean, On Jose Migel, bakarrik, Artzanburuko trikuharrira bertaratu zen, eta 35 urte lehenago indusketaren ondoren utzi zuten bezalaxe aurkitu zuen. Zein garbi azaleratu zitzaizkion Aranzadi eta Eguren lankideekin igarotako bizipen haiek. Hantxe, hilobi prehistoriko haren aurrean otoitz bat errezatu zuen haien alde.

Urte baten buruan, eta Aranzadi Zientzia Elkartearen babespean Urtiagako haitzuloan berriro indusketak egiten hasi zen, hain zuzen ere 18 urte lehenago bertan behera utzi behar izan zituenak.

1956an Arrasateko Lezetxikiko aztarnategi garrantzitsua industeari ekin zion eta 1960an Errenterian Aitzbitarte IV izenekoan hasi zen lanean. Aztarnategi hauek, bide-batez, eskola ezin hobea bihurtu ziren ikasketak bukatu berriak zituzten prehistorialari belaunaldi batentzat (J. Altuna, J.M. Apellaniz, I. Barandiaran, A. Llanos,...) bertan jabetu baitziren indusketen teknikaz On Jose Migelen gidaritzapean.

Elkarlan honek eragin biderkatzaile nabaria izan zuen. Gazte hauek aurki hasi ziren nork bere aldetik, bai indusketa berriak egiten, bai irakaskuntza lanetan gazte berriak trebatzen. Honek bermatu eta ziurtatzen du Euskal Herriko Prehistoria ikerketen etorkizuna.

Loraldi honen emaitzak dira besteak beste, Altxerri (Aia) eta Ekaingo (Deba) labarretako artearen aurkikuntza handiak. Bertako lehenengo ikerketak On Jose Migelek zuzendu zituen bere jarraitzaileen laguntzarekin.

Azkeneko urte hauetan, On Jose Migelek indusketa-ekitaldi multzo handi bat burutu du, Urtiaga, Lezetxiki eta Aitzbitartekoaz gain, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian. 1975a arte.

Bestalde, Aranzadi Zientzi Elkartean ikerketa etnografikoak ere bultzatu ditu eta Eusko-Folkloreko urtekaria berrargitaratzen hasi zen Arantzadiren baitan harik eta 1981an bere jatorrizko elkartearen babesean (Eusko Ikaskuntza) agertzen hasi zen arte.

Aldi berean Aranzadiko "Munibe" aldizkarian "Hojas de Eusko Folklore. Materiales y Cuestionarios" argitalpenak ere berriro martxan jarri zituen.

Aspaldiko amets bat betetzeko aukera ere laster sortu zitzaion, alegia, Euskal Atlas Etnografikoa sortzearena. Kontua zen han-hemenka egindako ikerlan isolatuak ez ezik, eskualdez eskualde eta metodologia bera erabiliz landutako azterketak jaso eta lurraldeka kokatzea, honela, kultura agerbide guztiak sakonki interpretatuz. Era berean, ezagutu beharra zegoen gure herrian mamitzen hari zen kultur aldaketa.

Proiektu honen bilakaeran laguntza handikoa izan zen 1964ean Nafarroako Unibertsitateak On Jose Migeli luzatutako gonbidapena Euskal Etnologiako Katedraz arduratzeko.

Barandiaranek eskaintza onartu zuen eta beronen babesean Nafarroako ETNIKER taldea sortu zuen. Talde honen helburua landa-ikerketak aurrera eramatea zen On Jose Migelek galdeketa berritu batean ezarritako metodologiaren arabera.

Geroago Etniker taldeak Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabara zabaldu dira eta gaur egun indar biziz ari dira lanean aspaldiko Etnografia Atlasa eskuraezin hura gorpuztuz.

Lan eskerga eta ugari hauek akademikoki ere beren onespena jasotzen dute Euskal Herriko Unibertsitateak (1978), Deustukoak (1986) eta Madrileko Konplutenseak (1987) emandako "Doctor Honoris Causa" izendapenekin.

Hau dugu On Jose Migelen bizitza. Bere azken egun arte lanean dihardu zuen. 1989an "Euskal Herriko Mitoak" argitaratu zuen eta ehun urte pasatuak zituenean Ezkurra herrixkari buruzko ikerlan etnografiko bat prestatzen hari zegoen inprimategira eramateko.

1991ko abenduaren 21an hil zen Jose Migel, 102 urte betetzeko hamar egun falta zirenean.