• biografia.jpg


1936: Erbestea

1936. urtera iristen gara. Urtiagako aztarnategian (Deba) 9garren indusketa ekitaldia egiten ari ziren Aranzadi eta Barandiaran Uztailean. 18an Frankoren matxinadaren berri jakin zuten. Egun gutxitan bukatuko zelakoan, 24 arte jarraitu zuten indusketarekin. Bitartean, giroa nahasten zihoan eta iheslarien kopurua gero eta handiagoa zen. Iheslari horietako batzuk On Jose Migel zegoen ostatu berean gordetzen ziren noizbehinka.

25ean goizaldera miliziano talde batek inguratu zen ostatua. Haien buruak On Jose Migelen gelan sartu ondoren, paperak eskatu zizkion eta ea zein politika zen berea galdetu. On Jose Migelek honela erantzun zion: "Galdetu izan bazenit Jainkoagan zergatik sinesten dudan edo apaiz zergatik sartu nintzan, lasai erantzungo nizuke, horretaz luzaro pentsatzen aritu naizelako. Baina politikak behin ere kezkatu ez nauenez. Horretaz erantzunez gero nire erantzuna lelo baterena izango litzateke, ezagutzen ez dugunaz hitz egitea leloena baita".

Talde buruak honela esan zion orduan: "Espainian jende guztiak horrela pentsatuko balu, gerra hau ez zen piztuko".

Egoera larriagotuz ari zela ikusiaz, Aranzadi eta Barandiaranek Bilbo aldera abiatzea erabaki zuten, lehenengoak geroago bere familiarengana Bartzelonara joateko eta On Jose Migel Bizkaian eskuartean zituen ikerketekin jarraitzeko.

Atxuriko geltokira iristean, hiru miliziano ari ziren bidaiarien maletak arakatzen. On Jose Migeleri ere galdetu zioten ea zer zeukan bere maletan, eta honek garezur bat zeramala erantzun zien. (Urtiagako aztarnategian ekitaldi horretan aurkitutako Bl garezur famatua). Milizianoek harriduraz begiratu zioten eta urduri zebiltzan maleta inguruan jiraka. On Jose Micelek ireki zuen eta garezurra ikusitakoan horietako batek izututa: "Itxi ezazu" agindu zion. Eta ez zuen beste eragozpenik eduki.

Bilbon elkar agurtu zuten Barandiaranek eta Aranzadik. Eguren, garai hartan gaisorik zebilenez, ez zen agertu indusketa-ekitaldi hartako lanetara.Une horretan 20 urte luzeetako lan-taldea hautsi zen. Geroztik ez zuten elkar gehiago ikusiko. Eguren 1942an hil zen eta Aranzadi 1945ean. On Jose Migelek heriotza hauen berri erbestean jakin zuen.

Barandiaranek, Lekeitio inguruan miaketa batzuk egin ondoren, Saturrarango apaiztegira jo zuen. Bertan Arabako 40 apezgai, udako ikastaro batean zeudenak, beren familiarengana itzultzeko modurik gabe zeuden. On Jose Migel han azaltzeak lasaitu zituen gazte haiek eta beren irakasleak, hauek ere beldurturik baitzeuden.

Garai berean, Frankoren ejertzitoa Gipuzkoan sartzen ari zen eta On Jose Migelek apezgai horiek ateratzeko modua bilatzen saiatzen zen. Elkarrizketa batzuk egin ondoren Manuel de Irujo Gerra Ministrariarekin egindakoa tarteko, Arrasatetik barrena bidali zituzten apezgaiak Gasteizeraino.

Arazo hau konpondu ondoren, Donibane Lohitzunerako itsasontzi bat hartzeko baimena lortu zuen bera eta beste 18 pertsonarentzat.

Mutrikuko kaitik irten ziren, beste iheslari batzuekin batera. Hona hemen nola deskribatzen duen bidaia hau bere egunerokoan:

Gaueko 9etan Mutrikuko kaira goaz... Hitz klabea "Itziar" da. Kaian jende asko bildu da. Txingurritegia dirudi eta ez dago inongo antolamendurik. Txalupa batean neke handiz daramate jendea baforetara. Hauek itsasbehera dela eta kanpoaldean daude zain...45 bat iheslari gara denera. Gurekin fusilez armatutako lau mendigoizale ontziratzen dira, gu defendatzeko prest bada ez bada.

Hamaikak bost gutxitan ateratzen gara atzerrirantz. Izarrek isilik jarraitzen dute bere bidea. Atzean utzi ditugu Mutrikuko argitxoak. Geroago argi gehiago ikusten dira, Ondarrukoak, Debakoak, Itziarrekoak... Urrutira goaz itsas handira. gero eskuinera zuzentzeko. Donibaneruntz. Argirik gabe goaz ikus ez gaitzaten. Irigoienek txiskeroa pizten du zigarroari su emateko; itsasontziko bazter guztietatik protesta ugari iristen zaio.

Sokoara goizeko bostetan iristen gara. Hau bidaia tristea: gurekin mutrikuar gazte asko doaz. Gerratik ihes doaz eta ez dakite zer egingo duten. Non gordeko diren, ez eta nora jo behar duten Donibane Lohitzunera iritsitakoan. Nere ondoan noizbehinka malko garratzak isurtzen dituen emakume bat doa. Denak beren zoritxarrez kexu dira".

Donibane Lohitzunera ihes egindako On Jose Migel eta beste irakasleek, ikasturtearen haserako handik Gasteizera joateko asmoa zuten. Baina pasaportearen bila joan zirenean itzulera galarazita zeukatela ikusi zuten. Gainera On Jose Migelek Seminarioa ezin zitekeela itzuli jakin zuen. Bere erruak nonbait, eta politikan inoiz ibili ez zenez, bere ikerketen gaietan egon behar zuen bere ustez.

On Mateo Mujika, Barandiaranen gotzaian ere erbesteratua izan zen.

Dena dela, Gasteizko Seminariotik Baionakora joateko eskatu zioten, bertan zeuden apezgai gasteiztarrak zaintzeko. Hau zela eta, beti pentsatu izan zuen On Jose Migelek Gasteiztik deituko ziotela berriro. Dei horren zain, beste ospe handiko Unibertsitatean lan egiteko deiak baztertu zituen. Horietako bat gainera, New York-eko Columbia Unibertsitatean katedra batean lan egitekoa, 1939ko Urrian jaso zuen, Munduko Igo Gerra hasi ondoren, Frantzian atzerriratuta zeunden euskaldunentzat egun beltzak zetozenean hain zuzen.

1937 urtearen hasieran Ipar Euskal Herriko ikerketa prehistoriko eta etnografikoak hasi zituen. eta 1938an Etnologia eta Eusko Folkloreko laborategiko lanekin jarraitu zuen Frantziako Museoen diru-laguntzaz.

Egoera txar guztietan zerbait ona atera omen daiteke eta, atzerrian igaro zituen urteak, berarentzat ordurarte ezezaguna zen Euskal Herriko zati hura, ezagutu eta ikertzeko baliogarriak izan zitzaizkion.

Hasiera batean Miarritzen aukeratu zuen bizilekua eta iloba batekin bizi izan zen. Honek urtebete baino lehen, Atauna joan behar izan zuen gaixorik zegoen bere ama zaintzera. Honen ordez Pilar izeneko beste iloba bat joan zitzaion laguntzera, Jose Migelen anaia zaharrenaren alaba hain zuzen, eta erbeste luzea bere ondoan igarota, bere azken egun arte berarekin jarraitu zuen fidel eta zintzoki.

1941ean Sarara doaz. Han emango dituzte erbesteko hurrengo 13 urteak. Sarako Bidartea etxean jarraitu zituen bere prehistoria eta etnografiako ikerketak. Lan hauetan nabarmentzekoa da herri honi buruzko azterketa etnografikoa "Anuario de Eusko-Folklore"n argitara emana.

Gainera urte hauetan Frantziako Hezkuntza Ministeritzaren aginduz eta Monumentu Historikoen Batzordekide moduan, Behe Pirineoetako Monumentu Megalitikoen inbentarioan parte hartu zuen.

Aldi berean Frankfurt-eko Unibertsitateak bertako aldizkarian parte har zezan ere eskatu zion. Jakina, lan hauek egin ahal izateko behar-beharrezkoa zuen Pirineo aldean harat-honat ibiltzea, eta inolako trabarik ez izateko agintari alemaniarrek agiri ofizial bat eskaini zioten.

Gasteizko Seminarioko fitxategian ere beharrezkoa zuen eta horregatik bere iloba Pilar bidali zuen beronen bila aipatutako hirira. Baina Pilar guztiz atsekabetua eta esku hutsik itzuli zen, mugan agintari espainiarrak fitxategia kendu ziotela esanez, agiri arriskutsuak gordetzen zituelako aitzakian.

On Jose Migelek alemaniarrengana jo zuen gertatutakoa kontatuz eta biharamunean fitxategia jaso zuen.

Munduko Igo Gerra bukatu bazen ere, Espainiako Gerra Zibilaren ondorioek bizirik zirauten eta orduantxe plazaratu zuen.

Mateo Mugika Gasteizko gotzain atzerriratuak "Imperativos de mi conciencia" izeneko idazkia. Testu honetan On Jose Migeleren eragina funtsezkoa da. Bertan Espainiako apezpikutzak Frankoren altxamenduari emandako onentzia kritikatzen da garbi.

Ikerkuntzaren arloan, 1946an Ikuska, Euskal Ikerketarako Institutua sortu zuen. Hau Gasteizen sorturiko "Sociedad de Eusko-Folklore" haren jarraipena besterik ez da. Ikuska-ren helburu nagusia Atlantiar Pirinioetako populazioaren ikerketak eragitea eta bizimodu tradizionalak aztertzea da. Bigarren maila batean, gizaki prehistorikoen aztarnak eta bere kulturaren ikerketa ere jorratzen ditu. Ikuska-ko kideen artean leku askotako erakundeak ditugu, hala nola, Baiona, Bordele, Paris, Toulouse, Estokolmo, Helsinki, Los Angeles, Berkeley. e.a. Aldi berean ikuska izeneko aldizkaria argitaratzen hasi zen eta bertan 1946-1951 bitartean, ikerlan garrantzitsu asko azaldu ziren. 1951ez gero ez zen gehiago argitaratu.

Garai honetan On Jose Migelek Nazioarteko Biltzar eta Hitzaldi ugarietan parte hartu zuen, esate baterako Londresen, Oxford-en, Parisen (hiru aldiz), Bruselazen (bi aldiz)...

1947an beste aldizkari bat sortu zen, Eusko-Jakintza. Honek RIEV (Revista Internacional de Estudios Vascos) 1907tik 1936ra argitaratu zen aldizkariak utzitako hutsunea bete zuen. On Jose Migel arduratu zen beraren zuzendaritzaz.

Urte hauetan serioski mamitzen hasten dira On Jose Migel bere jaioterrira itzultzeko ametsak. Aurretik ere saiatu arren asmo hauek ez ziren errealitate bihurtzen Madrileko Segurtasun Zuzendaritza Orokorreko fitxa batean On Jose Migel juduzale eta masoizale bezala agertzen zelako.

Baina Donostiako Aranzadi Zientzia Elkarteak eta RSBAPek egindako ahaleginen ondorioz amets hori gauzatzen doa tinkoago. A.Tovar, Salamancako Unibertsitatearen Erretorea izango da nahi horri azken bultzada emango diona. Tovar-ek Barandiarani "Larramendi" izeneko Euskal Ikerketarako Katedra eskaintzen dio. Bestalde bere egoerari buruzko garantiak benetakoak dirudite.