• biografia.jpg


1916: Aranzadi - Barandiaran - Eguren taldea

1916ko udaran Barandiaranek behin betiko bideratu zituen bere ikerketak. San Gregorio auzoko baserritar batekin Jentilbaratzako harkaitza miatzera igo zen. Han bertan, Ximenez de Rada-k aspaldian aipatutako Erdi Aroko gaztelua topatu zuen. Gorosabel-en ustez San Gregorion bertan egongo zatekeena.

Jentilbaratzako miaketa honen ondorioz, On Jose Migelek ikerketetarako garrantzi handiagoa edukiko zuten beste aurkikuntza batzuk egin zituen. Jentilbaratzaraino lagundu zion baserritarrarekin solasean ari zela, Jentilen leinuko azken gizonak non zeunden hilobiratuta bazekiela jakin arazi zion. Nahi izanez gero Aralarren zegoen toki hau erakutsiko ziola aginduz. On Jose Migelen jaki nahia piztu zen hau entzutean eta biharamunean toki honetara joateko egin zuten.

Biharamunean, bezperako laguntzailea ez zen azaldu eta On Jose Migel bakarrik abiatu zen mendi aldera. Ibilbide luze baten ondoren, Argarbi izeneko lekuan zegoen harlosa baten gainean eseri zen. Bere oinetan sator-zulo bat zegoen eta bertan masail-hezur baten pusketa bat aurkitu zuen. Zutitu eta inguruan mutil bat ikusi zuen. Hari galdetu zion ea Jentilen berri ba ote zekien. Mutil hark Jentilen amaiera erakusten duen legenda kontatu zion. Legenda horretan Kixmiren etorrerarekin Jentilak Jentillarriko losaren azpian nola desagertu ziren kontatzen da, hau da, Kristautasunaren sarrera Euskal Herrian.

On Jose Migelek 9 hilobi aurkitu zituen inguruan eta aurkikuntza honen berri Donostiako "Euskalerriaren Alde" aldizkarira bidali zuen. Lan hau irakurri zuenean. P.M.Soraluce, Donostiako Etnografiako Museoaren zuzendariak. Barandiaran gazteari gutun bat bidali zion. Ordu-arte ezezagunak ziren hilobi haiek Historiaurreko Trikuharri edo Dolmenak zirela adieraziz. Horretaz gain, Bartzelonako Antropologiako Katedratikoa zen Bergaran jaiotako Telesforo de Aranzadi Irakaslea Nafarroako Aralarren antzeko monumentuak industen ari zela jakin arazi zion, harekin hitz egiteko gomendatuz.

On Jose Migelek Aranzadi Irakasleari idatzi zion eta honek monumentu horien indusketa proposatuz erantzun. Gainera, Enrique de Eguren, Oviedoko Unibertsitateko Katedratiko gasteiztarrarekin harremanetan jartzeko eskatzen zion, ikerketa horietako laguntza lortzeko asmoz.

Eguberri haietan, On Jose Migel Egurenekin harremanetan jarri zen eta hurrengo udarako ikerketaldi bat antolatu zuten (1917).

Urte bereko abuztuan, On Jose Migel eta Telesforo de Aranzadi-k elkar ezagutu zuten eta Egurenekin batera Gipuzkoako Aralarko Trikuharrien lehenengo indusketa-ekitaldia burutu zuten.

Horrela osatu zen Aranzadi-Barandiaran-Eguren Prehistoria Ikerketa Lan-taldea, hurrengo 20 urteetan, 1936ko gerrateak sakabanatuko zituen arte hainbeste miaketa, indusketa eta ikerketa aurrera eramango zituena.

Lehenengo ikerketa hauek On Jose Migelen hitzetan bere bizitzaren une garrantzitsu baten hasera mugatzen dute. Beti gogoan eduki du zirraraz betetako lehen irteera hura, mundu ezezagun batean murgiltzen ari baitziren. Mundu horren gainean gizon misteriotsu batzuetaz mintzatzen ziren legenda iekutu batzuk besterik ez baitzuten ezagutzen.

On Jose Migelek eman zion hasera 1917-18ko ikasturteari, Euskal Prehistoria gai nagusitzat zuen hitzaldi batekin. Hitzaldi honen berri Breuil Abatearengana heldu zen Soraluce-ren bitartez. Breuil Abatea munduko Prehistorialari ezagunena zen une horretan eta Aitzbitarteko haitzuloak ere ezagutzen zituen. Breuilek haitzulo hauek aipatuz gutun bat idatzi zion Barandiarani eta une berean nazioarteko zientziartearen bidea ireki zion. Handik urte gutxitara. 1923 eta 24an Breuil-ek emandako bi ikastarotan parte hartuko zuen Barandiaranek.

Aranzadi-Barandiaran-Eguren lan-taldea osatu zen urtean 1916an Euskal Herriko Prehistoria ikerketak garai berri batean sartu zirela esan daiteke. Ordurarteko lanak zaletu apalen emaitzak ziren. Hirukote hori osatu zenetik ikerketa hauek maila zientifiko batetara igo ziren.

Pauso garrantzitsu honen ondorioz, Euskal Herri osoan zehar haitzulo eta megalitoen indusketa sistematiko hauek burutu ziren:

Haitzuloak:

Bizkaian: Santimamine, Lumentxa, Venta Laperra, Bolinkoba, Atxurra, Silibranka.

Gipuzkoan: Urtiaga, Ermittia, Jentiletxeta.

Araban: Trebiño-ko haitzulo artifizialak.

Trikuharriak:

Gipuzkoan: Aralar, Elosua-Plazentzia, AtaunBurunda, Altzania, Urbia, Belabieta, Kalamua

Nafarroan: Auritz, Auritzperri, Gorriti, Aralar, Urbasa.

Araban: Entzia.

Udako ekitaldian ondoren, indusketako materialen ikerketa zetorren, emaitzen argitalpena prestatzeko. Horretarako, behar-beharrezkoa zen Europako Museoak bisitatzea, aurkitutako tresnak kanpokoekin konparatu ahal izateko. Honela, Barandiaranek itzuli ugari egin zituen Frantzia, Suiza, Alemania eta Austriako museotara. Bai bakarrik, bai Aranzadi-rekin batera.

Prehistoria ikerketekin batera Etnografiakoekin jarraitzen zuen On Jose Migelek. Ezin ahaztu daiteke ikerketa horietan zegoela oinarritua bere zientzia-lan osoa eta Aranzadik ere bide hori jorratu izan zuela.

Arlo honetan oso lagungarri izan zen Barandiaranentzat W. Schmit "Anthropos" Etnologia eta Hizkuntzalaritzako nazioarteko aldizkariaren fundatzaile eta Vienako Kultur Eskolaren arima zenaren eskutik gutun bat jasotzea. Gutun hau On Jose Migelek 1919an magiari buruz idatzitako lan bat irakurri ondoren bidali zion. Bertan, aldizkariaren berri-emaile izateko eskaera zuzentzen zion, horretarako Vienatik bidalitako galde-sorta batzuk erabiliz.

Ikerketa hauen ondorioz hiru paso garrantzitsu emango zituen 1921ean:

    • Eusko Folklore Elkartea sortu zuen, Gasteizko Seminarioan kokatua. Horren bidez euskal bizitzaren ohitura zaharrekin "korpus" edo bilduma bat osatu nahi zuen, zientifikoki egina, lehenago egiten ziren deskribapenen kutsu erromantikoa alde batera utziz.
    • "Anuario de Eusko Folklore" aldizkaria eman zuen argitara, gerrateko hutsunea izan ezik, gaur egun argitaratzen dirauena. Aldizkari honetan ikerketa lanak jasotzen ziren.
    • "Eusko-Folklore. Materiales y Cuestionarios" argitalpena ere zabaldu zuen: Bertan Euskal Herriko legenda, ohitura, sinesmen, usadio, erlijio-erritoak, magia e.a. jasotzen ziren.

Baina laster, 1924an, lan guzti honen aurka sortuko ziren oztopo eta arazoak. Arazoak bi bidetik zetozen. Alde batetik Euskal Herriari buruzko ikerketak "politica separatista" bezala hartzen ziren, eta beste aldetik esku artean zeramatzan ikerketak "munduko" zientzien barnean sar zitezkeen.

Horrela, bere eliza-agintariek Eusko Ikaskuntzako Batzordearen bileratara joatea debekatu zioten. Seminarioko erretoreak berak "Anuario de Eusko Folklore" aldizkaria zirriborro hutsa zela esan zuen. Gainera, elizbarrutiko Museoa irekitzerakoan On Jose Migelen tresna prehistorikoak ez zituen bertarako onartu, txorakeri hutsak zirelako aitzakian.Guzti honen ondoren, 1925ean Eusko Folklore-ko egoitza Seminariotik atera behar izan zuten. Egoitza berria Gasteizko Arte eta Lanbide Eskola izan zen. Urte berean, On Jose Migelen agintaritzapean, Eusko Ikaskuntzako Prehistoria Ikerketa Zentroa ireki zen toki berean.

Barandiaranen lanak bere eliza-agintariek eta alderdi politiko batzuek onartzen ez zituzten bitartean, Europako Etnografia Ikerketa Zentrotan gero eta ospe handiagoa hartzen zihoazen. Horrela, 1930an Madrileko "Museo del Pueblo Espanol" erakundeko Patroi nagusia izendatua izan zen eta Londres-en, Antropologia eta Etnologia Biltzarreko Kontseilu Orokorreko kidea.

Beste erantzun gogorra apaizen kontrako alderdietatik etorri zitzaion. Besteak beste "El Sol" egunkariak Barandiaranen lanak, sotanadun gizon batetik zetozenez, objetibotasun eta fidagarritasun eskasa merezi zutelako gaitzesten zituzten.

Hala ere, apaizak gehiegi maite ez zituen Pio Barojaren onespena hartu zuen. Honek Julio Caro Baroja, bere iloba, Karrantzako haitzuloetan indusketak egin behar zituen taldean onar zezan eskatuz, gutun bat bidali zion. Karrantzako egonaldi hari buruz honela dio Caro Baroja-k:

"Unibertsitatean, errenkura, asperraldi eta antzeko zantarkeriak jasan behar nituen bitartean, Barandiaranek ideia zehatz eta garbiak ematen zizkigun Kultur Historiaren metodoaz. Malinowski-ren azkeneko ikerketenez, antzinako gizonek Jainkoari buruz zuten ideiaz. Durkheim edo Wundt-en pentsaeraz, e.a. Azken finean, Paleolito Aroko haitzulo batean, eta apaiz katoliko baten ahotik Madrilgo ikasgeletatik baina Unibersital jakintza gehiago ateratzen zen".

Bitartean Aranzadi-Barandiaran-Eguren lan-taldearen ikerketek aurrera jarraitzen zuten, batzuetan xelebrekeriak gertatzen zitzaizkielarik. Behin batean, Bedarona inguruko indusketa batetik zetozelarik, herritik zetorren eskale batekin topo egin zuten, eta hirukoteari goitik behera begiratu ondoren hala esan zien: "Bedaronan ondasun gutxi", bertan limosnarik ez zutela izango adierazi nahian.

Hiru lankideei ezarri zieten izengoitietako bat "los tres tristes trogloditas" izan zen. On Jose Migelek trogloditena egia zela dio. haitzuloetan pasatzen bai zuten ia bizitza osoa; baina beraiengandik ezin zitekeela inoiz esan tristeak zirenik.

Urte hauetan Seminarioan bizimodua zeharo aldatu zen. 1930ean egoitza berria ireki zuten eta irakasleagoaren aldaketa handia egon zen. Denbora berriekin zerikusi estuagoa zuen irakaskuntza ekarriaz.

Hurrengo urtean Errepublika aldarrikatu zen eta ondoren gorderik zegoen apaizen aurkako jarrera azaleratu zen. Espainiako zenbait tokitako komentuen erreketak zirela eta, Seminarioa armaz hartzera zihoazelako zurrumurruak zabaldu ziren.

Seminarioaren aurka bi aldetako etsaikeria zabaldu zen.

Eskuindarrak ere bere aurka azaltzen ziren, abertzaletasunaren iturburu bezala ikusten zutelako.

Barandiaranen ikerketak alde batetik eta Manuel Lekuona-k zuzendutako Kardaberaz Akademiaren euskararen ikerketa eta zabalkundeak bestetik, aurkako jarrera ugari bereganatu zituzten.