• biografia.jpg


Kurrikulum laburtua: 1889tik 1955ra

Jose Migel Barandiaran Aierbe jn. 1889ko abenduaren 31n jaio zen Ataunen (Gipuzkoa).

Humanitateak ikasi zituen Baliarraingo apaiz eskolan (Gipuzkoa) eta filosofia, eta teologia ikasketak Gasteizko Kontzilio-Apaizgaitegian.

1913ko udan, Wundt irakasleak, VOLKERPSYCHOLOGIE izenburuko obra gaitzaren egileak, emaniko ikastaroak jarraitu zituen Leipzig-eko unibertsitatean. Irakasle harengandik harturiko orientabideek Barandiaranen geroko antropologia eta etnografia ikerketen norabidea markatu zuten.

1914ko abenduan apaiztu zen eta 1915ean Teologia lizentziatura lortu zuen Burgosko Eliz Unibertsitatean.

1916an bere lehen lana argitaratu zuen, Ataun en la Edad Media izenburukoa, Donostiako EUSKALERRIAREN ALDE aldizkarian.

Gasteizko apaizgaitegiko irakaslea zela, 1917-18 ikasturteko irekiera-hitzaldia eman zuen euskal historiaurreari buruz. Hitzaldi hori argitaraturik, Henri Breuil frantses historiaurrelari gailenarekin sartu zen harremanetan, eta horrek Obermaier aleman ikerlariarekin jarri zuen harremanetan.

1917. urtean berean, lehen harremana izan zuen Aranzadi doktorearekin, bere maisua izango zenarekin, zeina garai hartan Bartzelonako Unibertsitateko katedraduna baitzen. Oviedoko katedradun Eguren doktorearekin batera, 20 urtez, 1936 arte, elkarrekin lan egin zuen arkeologo-taldea osatu zuten hirurek.

1922an bidaia bat egin zuen Europan zehar Aranzadi irakaslearekin, eta Museoak zein Erakundeak bisitatu zituzten hainbat lekutan: Paris, Kolonia, Mainz, Munich, Leipzig, Berlin, Holanda, Akisgran, Tilburg.

Holandako azken hiri horretan La Religi n Des Anciens Basques izenburuko txostena aurkeztu zuen Erlijio Etnologiari buruzko Nazioarteko Kongresuan.

1926an Aguirre Apaizgaitegiko Errektore eta Kontzilio-Apaizgaitegiko Errektoreorde izendatu zuten. Haren adiskide eta irakaskide On Manuel Lekuonaren arabera, Gasteizko Apaizgaitegian Barandiaran izan zen erabateko erreformaren eragile handia, ikasketak zientziaren norabidean jarriz, eta modu zabalagoan eusko ikaskuntzei dagokienez, natur zientziak eta antropologia bultzatuz.

1929an bigarren ikasketa-bidaiari ekin zion, Aranzadi doktorearekin berriro. Bidaia hartan Bartzelona, Lyon, Geneba, Berna, Zurich, Viena, Innsbruck, Luzerna, Interlaken eta Bordeleko antropologia elkarte eta institutuak ezagutu zituen.

1917tik 1936ra bitartean, Aranzadi eta Eguren doktoreekin batera, arkeologia indusketarako plan sistematikoa burutu zuen Euskal Herriko lurralde osoan zehar trikuharriak eta harpeak ikertuz: Aralar mendia (1917), Aizkorri (1918), Ataun-Burunda (1919), Altzania (1920), Entzia mendilerroa eta Elosua Plazentzia (1921), Belabieta, Urbasa eta Arabako harpe artifizialak (1922), Aralar berriro (1923), Santimami eko koba (1924, 1925, 1931), Lumentxa (1925), Ermittiako haitzuloak eta Gipuzkoako beste zenbait (1924, 1927), Bolinkoba (1933), Itziar-Urtiaga (1936).

1931n, Breve historia del Hombre Primitivo obra argitaratu zuen, Eusko Folklore Urtekarian argitaratzen ari ziren lanen barne.

1934an, Euskalerriko leen gizona sintesizko obra argitaratu zuen euskaraz eta erdaraz.

1935ean, Antropologia eta Etnografiari buruzko Nazioarteko Kongresuko Batzorde Iraunkorreko kide izendatu zuten Londresen eginiko bilkuran.

1939an, Kopenhage-ko Antropologiari buruzko Nazioarteko Kongresuan parte hartu zuen Euskaldunen antzinako Erlijioez izenburuko txostenarekin.

Gerra zibilaren ondorioz, 1936tik 1953ra Pirinio Apaletako Departamenduan egon zen, 1942tik aurrera Lapurdiko Sara herrian hartu zuelarik egoitza.

1946an Institut Basque de Recherches IKUSKA izenekoa sortu zuen eta izen bereko boletina argitaratzen hasi zen, bertan eginiko ikerketen berri ematen zuela.

1947an Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Elkarteko Zuzendari izendatu zuten. Eusko Jakintza izenburuko agerkarian euskal gaien alorreko europar aditu ospetsuenak bildu zituen elkarte horrek.

1946tik 1950era bitartean azkarki eskuhartu zuen hainbat nazioarteko kongresutan: Londres eta Oxford (1946), Arch ocivilization (Paris, 1947ko uztaila), Mus e de l'Homme (1947ko Iraila), Paris (1948), Brusela (1948), Brusela (1949).

1953an, Hego Euskal Herrira itzuli eta, Salamancako Unibertsitateko Errektorea zen Tovar irakasleak hala eskaturik, Eusko Ikaskuntzen egungo egoera gaiaren inguruko hitzaldia eman zuen.