Historia

XX. mendearen bigarren hamarkadan, kultura eta zientzia munduko hainbat pertsona ospetsuk sustatu eta sortu egin zuten Eusko Ikaskuntza, eta Euskal herriaren nortasuna leheneratzea da haren helbururik behinena.

Eusko Ikaskuntzaren sorreran jadanik, On Jose Migel Barandiaran erakundearen zuzendaritza koadroetarik izan zen, Eusko Ikaskuntzaren Batzorde Iraunkorreko kidea izanik 1921etik 1936ra arte.

Bestalde, bere ekimen pertsonalak hala ikerketa etnografikoaren nola historiaurrearen alorrekoak Eusko Ikaskuntzaren barnean garatu zituen eta berak zuzenduriko aukerako agerkarietan (Eusko Folklore Materiales y Cuestionarios eta Eusko Folklore Urtekaria), bi-biak Eusko Ikaskuntzak argitaratuak.

Gerra Zibilak 1936an Eusko Ikaskuntzaren jarduerak etenik, Iparraldeko erbestean zientzia jarduerak sustatu zituen, hala nola Eusko Ikaskuntzaren Nazioarteko Elkartea eta Instituto de Humanidades IKUSKA (Sección de Antropología); Eusko Jakintza izenburuko Eusko Ikaskuntzaren aldizkariaren argitalpena eta Eusko Ikaskuntzaren VII. eta VIII. Kongresuak.

Jarduera horiek guztiak gerraurrean Eusko Ikaskuntzak gauzatu zituenen jarraipena ziren, asmoz eta espirituz.

Eusko Ikaskuntzaren azken Batzorde Iraunkorreko kide gisa, Eusko Ikaskuntza abiarazi zuen Batzorde horretako gainerako kideekin batera, hots, Justo Garate Arriola jn., Aingeru Irigaray Irigaray jn., Manuel Irujo Ollo jn., Manuel Lekuona Echabeguren jn. eta Joaquin Yrizar Barnova jn. Hartarako, 1977an behin-behineko Batzorde Iraunkorra sortu zuten, eta horren lehendakaritza bere gain hartzeko ardura eman zioten.

Oñatin, 1978ko irailean egindako Eusko Ikaskuntzaren Batzar Nagusian Eusko Ikaskuntzako Lehendakari izendatu zuten eta kargu horretarako berrautatu zuten 1983an eta 1987an.

Eusko Ikaskuntzarekiko etengabeko lotura horri eta bere sorrera espiritua direla eta, On Jose Migel Barandiaranek, Eusko Ikaskuntzarekin batera, bere izena eramango zuen kultura fundazio pribatu bat sortzen laguntzeko nahia azaldu zuen.

Eusko Ikaskuntzak ere adierazi zuen, On Jose Migel Barandiaran Ayerberekin batera, kultura fundazio pribatu bat sortzen laguntzeko nahia, eta halakoari José Miguel de Barandiaran Fundazioa izena ematea hark buruturiko zientzia lan eskergaren aitormenez.