• slider33.jpg


Joxemiel Barandiaran ikastetxeko neska-mutilak Sara Etxean

Otsailaren 23an, ATAUNIKER elkarteak antolatuta, Ataungo Joxemiel Barandiaran ikastetxeko azken urteko ikasleekin urtero egiten den herri-txangoa burutu zen.

Aurtengoan Agauntza ibaian zehar elkarteak ezarri dituen panel informatiboak (Artadia, Domoa eta Agauntza ibaia) erakutsi zaizkie, Sara Etxea barrutik ezagutzeko aukera ere izan dute eta, azkenik, Ataungo Herriaren Memoria Historikoaren giltzarriak diren Elbarrena auzoko errota ingurua, udaletxeko erloju zaharra, erdi aroko hilobi zaharrak, armarriak, San Martin eliza eta organo barroko-erromantikoa erakutsi zitzaizkien. Arreta biziz jardun zuten, bakoitzak bere apunteak zintzo asko hartuz.

Eskolako irakasleak: Mariaje Amundarain, Felipe Barandiaran eta Izaskun Sarasola; Atauniker-eko gidariak Joxan Auzmendi eta Jexux Aizpurua. Eskerrik asko guztioi!

Argazkiak eta kronika: Jexux Aizpurua Barandiaran (Jose Miguel de Barandiaran Fundazioa)

‘Abenduaren 31 Jose Migel Barandiaranen bizitzan’ liburua kalean

Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak eta Nafarroako Gobernuak elkarlanean eginiko Abenduaren 31 Jose Migel Barandiaranen bizitzan. Bere egunerokoetan idatziak (1924-1988) liburuxkak argia ikusi du. Guztira 1.500 aleko tirada izan du argitalpenak.

Bertan, On Jose Migel Barandiaranek bere urtebetetze egunetan (abenduak 31) bere egunerokoetan idatzitakoak jasotzen dira. Jakina da berebiziko garrantzia ematen ziola egunero bere koadernoetan idazten zuenari; 1917an hasi zen egiteko horretan eta 1989ra arte jarraitu zuen.

Zertzelada autobiografikoak

Zertzelada autobiografikoz betetako liburuxka da eta hori horrela, irakurleak besteak beste, Barandiaranek gerra garaian, erbestean zein etxera itzultzean izandako sentsazioez jabetzeko aukera izango du. Gainera, garaian garaiko jendartearen erradiografia pertsonala ere egiten du urteko azken egunetan idatzitako parrafoetan. Barandiaran beste ikuspuntu batetatik ezagutzeko aukera, beraz.

Fundazioak eta Nafarroako Gobernuak kaleratutako lan berri honetan nabarmentzeko da, bestalde, lehentasuna eman ziola testuen fideltasunari eta Barandiaranek idatzi zituen bezala argitaratu direla; hori bai, liburuan, gainera, testuen itzulpena jasotzen da.

Liburua salgai dago, 10 eurotan (8 euro Eusko Ikaskuntzako bazkideentzat), eta nahi duenak Jose Miguel de Barandiaran Fundazioaren bitartez eros dezake bide hauek jarraituz:

Emailez: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.

Telefonoz: 945 14 30 66

 

Barandiaran Fundazioa, 'Anboto' liburuan laguntzaile

Imanol Marrodán artista eta argazkilariak Anboto izeneko liburua argitaratu berri du eta Jose Miguel de Barandiaran Fundazioa proiektuan lagundu duten erakundeetako bat izan da.

Euskal Herriko mendirik berezienetariko bat da Anboto, dela bere edertasunagatik bai eta bere inguruan eraikitako kondaira eta mitoengatik ere. Toki enblematikoa ardatz hartuta artista bizkaitarrak osatu duen liburuan, besteak beste, Jose Migel Barandiaranek Diccionario de Mitología Vasca liburuan Mariri buruz idatzitako hainbat testu jasotzen dira, non Mariren izen ezberdinak, hartu ohi dituen itxurak zein bizileku desberdinen berri ematen duen, beste hainbat konturen artean.

<< Imanol Marrodánen webgunea >>

Lemoako Arlanpe haitzuloa Oxford Journal of Archaeology aldizkarian

Joseba Rios Garaizar, Diego Garate eta Asier Gómez-Olivencia ikerlariek (Barandiaran Beka 2010), Raphaëlle Bourrillon eta Theodoros Karampaglidis kideekin batera The Venuses Block From Arlanpe Cave (Northern Iberian Peninsula): Implications for the Origins and Disperion of Gönnersdorf-Lalinde Style Depictions Throughout the European Magdalenian izeneko lana publikatu dute  Oxford Journal of Archaeology aldizkarian.

Hain zuzen ere, Joseba Rios Garaizar 2010eko Barandiaran Beka jaso zuen lantaldearen zuzendaria izan zen eta berarekin batera aritu ziren ikerketa lanetan, besteak beste, Garate eta Gómez Olivencia. Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak finantzatutako ikerketa lan hartan ere Lemoako Arlanpe kobazuloa izan zuten ikerketa-gai.

Bekaren emaitza Las ocupaciones humanas de la cueva de Arlanpe izan zen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren KOBIE aldizkarian argitaratu zen 2013an.

'.eus' domeinura egin du salto Fundazioak

Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak domeinu aldaketa egin du sarean eta hori horrela, '.com' izatetik '.eus' izatera igaro da. Aurrerantzean, www.barandiaranfundazioa.eus izango da interneteko helbide berria; E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.  aldiz, helbide elektronikoa. Azken horri dagokionez, urtebeteko epean helbide zaharrean jasotzen diren mezuak berrian ere jasoko dira.

'.eus' domeinuarekin bat egitea urrats naturala izan da. Izan ere, bertan egoteko baldintzetako batzuk euskarazko webguneak edota euskal kulturarekin erlazioa dutenak izatea da, eta zalantzarik gabe, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak baldintza horiek betetzen ditu.