• slider33.jpg


Euskal Herrian diren mugaz gaindiko jai-errituak ikertuko ditu Barandiaran Bekak 2019an

Euskal Herrian diren mugaz gaindiko jai-errituak; hori izan da Jose Antonio Peralesek 2019ko Barandiaran Ikerketa Bekara aurkeztutako proiektua eta horixe saritu du epaimahaiak. Hala ebatzi zuen 2018ko abenduaren 26an epaimahaia osatzen zuten kideek. Nafarroako Unibertsitate Publikoan Gizarte eta Kultura Antropologia irakaslea denak 2019an zehar burutu beharko du ikerketa.

JAPerales B-NGuztira sei proposamen jaso zituen Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak eta epaimahaiak guztiak aztertu ostean, honako irizpideengatik esleitu zion, besteak beste, beka Peralesi: “Jasotako proiektuei dagokienez, oso ikerketa gai ezberdinak proposatu dira deialdi honetan. Hautaketa egitean, gai aldetik interesgarria iruditu zaigu, eta aurkeztutako proposamena oso argi azalduta eta garatuta dago. Bere curriculumari begiratuz,  gertutik ezagutzen duen gaia dela ikusi dugu eta horrek bermea ematen dio lana txukun ikertzeko”.  

Jose Antonio Perales. 2019ko Barandiaran Bekaren irabazlea

2019an garatu beharko duzu proiektua. Zein da helburu nagusia?
Batez ere mendebaldeko Pirinioetako mugaldeko ondare immaterial aberatsa hobeto ezagutzen laguntzea bilatzen du ikerketa honek. Antzeztoki edo leit motiv gisa nazioarteko banalerroa duten jai-erritu multzo baten ikerketa egitea da nire asmoa. Mugaren bi aldeetako biztanleen parte hartzea ezaugarri duten festak dira. Horietariko batzuk oso ezagunak dira – Hiru behin zerga kasu- eta beste batzuk askoz ezezagunagoak dira, Mugen Festa, adibidez.

Nola garatuko duzu zure lana?
Bekaren deialdiak zioen bezalaxe, ikerketa etnologikoa egingo dut. Hautatutako festa adierazleen behaketa sistematikoa egingo da, eta jai bakoitzari lotutako zenbait ordezkari eta kolaboratzaile elkarrizketatuko dira. Gainera, argazkiak atera eta artxiboen zein liburutegietako kontsultan oinarritutako lan paralelo bat burutuko da, dagoeneko gaiaren inguruan argitaratu direnak jasotzeko xedez.

Zer adierazten du 2019ko Barandiaran Beka irabazteak?
Ohore handia da horren etnologo ospetsuaren izena daraman beka jasotzea. Horrez gainera, aurrez beka honen jasotzaile izan diren eta nik miresten ditudan pertsonen zerrendaren parte izatera igarotzea harrotasun bat da. Eta zalantzarik gabe duela denbora batetik hona ikertzen dihardudan lan-lerroari oxigenoa emango dio: Euskal Herriarekin bat egiten duen mendebaleko Pirinio zonalde honetako kultura espresiboaren ikerketari.

Jose Antonio Peralesen Curriculuma

Antropologia ikasleak Sara Etxean

Azaroaren 19an Donostiako Antropologia fakultateko 3.mailako ikasle talde bat Ataunen izan zen. Museoa bisitatu ostean Barandiaran bizi izan zen Sara Etxeraino bertaratu ziren eta hala, Euskal Herrian zein Europa mailan erreferente izan zen Ataundarrak buruz gehiago ikasi zuten.

Antropologia ikasleak Sara Etxean

 

Barandiaranen gaineko marrazkiei buruz Goienan

Azaroaren 27an Goienako Hemen Debagoiena telebista saioan aritu zen Jose Miguel de Barandiaran Fundazioko idazkari tekniko Zuriñe Velez de Mendizabal. Heleburua, 1,2,3 Barandiaran egitasmoa ezagutzera ematea.

Jose Miguel Barandiaran marrazki bizidun bilakatuta

Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak HEZIMUBIrekin batera garatu du ‘1,2,3… Barandiaran’ egitasmoa. Bost bideo laburrez osatuta dago proiektua eta ataundarraren bizitzako hainbat gorabehera kontatzen dira bertan. Azaroaren 5ean aurkezpena eginda, asmoa hilean behin bideo berri bat sareratzea izango da.

Marrazki bizidun forman datorkigu Barandiaran oraingoan. Gaztaroan hasita - antropologia eta etnografiarako bere zaletasuna azaleratu zenean- erbestera arteko kontakizuna egiten da ekoiztutako bideoetan zehar.

Fundazioak argi dauka: modu erakargarri eta freskoan Euskal Herrian zein atzerrian erreferente izan zen gipuzkoarraren irudia gaur egunera ekartzea funtsezkoa da haren izena eta izana mantentzeko. “HEZIMUBItik lan ederra egin dute, Barandiaranen bizitzako hainbat momentu modu erraz batean ezagutzeko aukera ematen dute bideo hauek. Proiekturako propio sortutako irudi zein musikak eta Jon Aizpurua kazetariaren lokuzioak harrapatu egiten du ikuslea hasieratik”.

 

Sara Etxean elkartu ziren 2018ko bigarren bilerarako Fundazioko patronoak

Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak urteko bilera egin zuen 2018ko urriaren 25ean Ataunen, Sara Etxean. Mahaiaren bueltan eseri ziren honako patrono kideak: Dori López (Nafarroako Kultura Zuzendaria), María José Telleria (Gipuzkoako Kultura Zuzendaria), Joseba K. Perez de Heredia (Arabako Kultura Zuzendaria), Asier Rodriguez (Ataungo Alkatea), Imanol Agote (Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Garapenerako aholkulari), Josemari Velez de Mendizabal (Fundazioko presidentea), Arantza Cuesta (Fundazioko idazkaria), Susana Irigaray eta Jexux Aizpurua. Bileran parte hartu zuten baita ere Abel Ariznabarretak (Eusko Folklore Urtekariaren zuzendaria) eta Zuriñe Velez de Mendizabalek (Fundazioko idazkari teknikoa).

 Patronatu bilera 2018.10.25

Sara Etxeko atarian bilera ostean.

Askotariko gaiak izan zituzten mahai-gainean bertaratutakoek. Besteen artean 2019ko aurrekontuak onartu zituzten behin-behinean, 2018 urtearen proiekzio ekonomikoa ere egin zuten, eta Barandiaran Beka zein Eusko Folklore Urtekaria -biak Jose Miguel de Barandiaran Fundazioaren zutabe- izan zituzten hizpide.

2018 urtea martxa onean doala aipatu zuen Fundazioko presidenteak bere txostenean, erakundeekin dagoen harreman ona azpimarratu zen, eta etorkizunerako hainbat proiekturen berri eman zuen.