• slider33.jpg


Luis Barandiaran Irizarrekin hizketan

2016ko martxoaren 15ean Jose Miguel de Barandiaran Fundazioko ordezkariek bisita egin zioten Luis Barandiaran Irizar idazle eta Jose Migel Barandiaranen lobari bera bizi den Gasteizko Joaquín Goicoecheaundia apaiz-egoitzan.

Besteak beste, bere osabaren inguruko pasarteak ekarri zituen gogora gipuzkoarrak eta Fundazioko lehendakari Josemari Velez de Mendizabalek,  ataundarraren inguruko hainbat gogoeta konpartitu zituen Luisekin. Amaitzeko, Fundazioak argitaratu berri duen Abenduaren 31 Jose Migel Barandiaranen bizitzan. Bere egunerokoetan idatziak (1924-1988) liburuxka jaso zuen anfitrioiak Zuriñe Velez de Mendizabal idazkari teknikoaren eskutik. 

1921ko urriaren 2an Soraluzen jaio zen Luis Irizar Barandiaranek hainbat liburu idatzi ditu bere bizitzan zehar, tartean, 1976an argitaratutako José Miguel de Barandiarán, patriarca de la cultura vasca biografia edo 1985ean eginiko Breve Antología de Fábulas, Cuentos y Leyendas.

Barandiaran prisma ezberdin batetik, bere heriotzaren 25. urteurrenean

Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak  2016ko lehenengo Patronatu bilera egin zuen martxoaren 16an Iruñean. Nafarroako Artxibo Orokorrean elkartu ziren patronatuko kideak eta askotariko gaiak landu zituzten, tartean 2016ko aurrekontuez egin zuten berba, bai eta Barandiaranen heriotzaren 25. urteurrenari zein Barandiaran Bekari buruz.

Fernando Perez Nafarroako Kultura Zuzendaria izan zen anfitrioia Nafarroako Gobernuaren izenean eta hark eman zion hasiera bilerari. Iruñera bertaratu ziren gainerako patrono kideak honakoak izan ziren: Asier Rodriguez (Ataungo alkatea), Jose Manuel Bujanda (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kabineteko zuzendaria), Gonzalo Olabarria (Bizkaiko Kultura zuzendaria), María José Telleria (Gipuzkoako Kultura zuzendaria), Karmele Aierbe (Ataungo kultura zinegotzia), Andoni Iturbe (Bizkaiko Kultura Ondarearen zerbitzuko burua). Eusko Ikaskuntzatik: Josemari Velez de Mendizabal (Barandiaran Fundazioko lehendakaria), Arantza Cuesta (Fundazioko idazkaria), Susana Irigaray eta Jexux Aizpurua (adituak). Zuriñe Velez de Mendizabal (Fundazioko idazkari teknikoa).

25.urteurrena, 5 mahai-inguru

Gai ugari landu ziren urteko lehen patronatu bileran. 2015eko kontuak onartu zituzten patronoek, bai eta 2016ko aurrekontua ere. 

Horrez gainera, aurten Jose Migel Barandiaranen heriotzaren 25. urteurrena betetzen dela eta, efemeridea ospatzeko Fundazioa prestatzen ari den egitaraua onartu zuen aho batez Patronatuak. Hori horrela, urria eta abendua bitartean Barandiaranen inguruko mahai -inguruak egingo dira Euskal Herriko bost hiriburutan. "Orain arte sarritan eta oso ondo jorratu izan da Barandiaran figura elizgizon zein arkeologo ikuspuntutik eta 25 urteurrenaren aitzakiarekin prisma ezberdin batetik landu nahi dugu gaia", eman du aditzera Josemari Velez de Mendizabal Fundazioko lehendakariak. 

Hori horrela, oraingoan Barandiaran eta Europa; Barandiaran zientzialaria eta fedea; Barandiaran eta euskal gizartea; eta Barandiaranen baloreak egungo gizarteari aplikagarriak izango dira gai zentralak. Lau hizlari izango dira bost mahai-inguru horietan parte hartuko dutenak. 

Barandiaran Beka

Arrazoi ekonomikoek behartuta, 2011. urtean eman zen azkenekoz Barandiaran Beka. Ordutik, ez da deialdirik egin, baina Iruñean eginiko bileran Jose Miguel de Barandiaran Fundazioko Patronatutak beka berreskuratzeko proposamena onartu zuten.

Hori horrela, datozen hilabeteetan oinarriak ondo zehaztu eta deialdia egiteko  lanean hasiko da Fundazioa. 

Joxemiel Barandiaran ikastetxeko neska-mutilak Sara Etxean

Otsailaren 23an, ATAUNIKER elkarteak antolatuta, Ataungo Joxemiel Barandiaran ikastetxeko azken urteko ikasleekin urtero egiten den herri-txangoa burutu zen.

Aurtengoan Agauntza ibaian zehar elkarteak ezarri dituen panel informatiboak (Artadia, Domoa eta Agauntza ibaia) erakutsi zaizkie, Sara Etxea barrutik ezagutzeko aukera ere izan dute eta, azkenik, Ataungo Herriaren Memoria Historikoaren giltzarriak diren Elbarrena auzoko errota ingurua, udaletxeko erloju zaharra, erdi aroko hilobi zaharrak, armarriak, San Martin eliza eta organo barroko-erromantikoa erakutsi zitzaizkien. Arreta biziz jardun zuten, bakoitzak bere apunteak zintzo asko hartuz.

Eskolako irakasleak: Mariaje Amundarain, Felipe Barandiaran eta Izaskun Sarasola; Atauniker-eko gidariak Joxan Auzmendi eta Jexux Aizpurua. Eskerrik asko guztioi!

Argazkiak eta kronika: Jexux Aizpurua Barandiaran (Jose Miguel de Barandiaran Fundazioa)

‘Abenduaren 31 Jose Migel Barandiaranen bizitzan’ liburua kalean

Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak eta Nafarroako Gobernuak elkarlanean eginiko Abenduaren 31 Jose Migel Barandiaranen bizitzan. Bere egunerokoetan idatziak (1924-1988) liburuxkak argia ikusi du. Guztira 1.500 aleko tirada izan du argitalpenak.

Bertan, On Jose Migel Barandiaranek bere urtebetetze egunetan (abenduak 31) bere egunerokoetan idatzitakoak jasotzen dira. Jakina da berebiziko garrantzia ematen ziola egunero bere koadernoetan idazten zuenari; 1917an hasi zen egiteko horretan eta 1989ra arte jarraitu zuen.

Zertzelada autobiografikoak

Zertzelada autobiografikoz betetako liburuxka da eta hori horrela, irakurleak besteak beste, Barandiaranek gerra garaian, erbestean zein etxera itzultzean izandako sentsazioez jabetzeko aukera izango du. Gainera, garaian garaiko jendartearen erradiografia pertsonala ere egiten du urteko azken egunetan idatzitako parrafoetan. Barandiaran beste ikuspuntu batetatik ezagutzeko aukera, beraz.

Fundazioak eta Nafarroako Gobernuak kaleratutako lan berri honetan nabarmentzeko da, bestalde, lehentasuna eman ziola testuen fideltasunari eta Barandiaranek idatzi zituen bezala argitaratu direla; hori bai, liburuan, gainera, testuen itzulpena jasotzen da.

Liburua salgai dago, 10 eurotan (8 euro Eusko Ikaskuntzako bazkideentzat), eta nahi duenak Jose Miguel de Barandiaran Fundazioaren bitartez eros dezake bide hauek jarraituz:

Emailez: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.

Telefonoz: 945 14 30 66

 

Barandiaran Fundazioa, 'Anboto' liburuan laguntzaile

Imanol Marrodán artista eta argazkilariak Anboto izeneko liburua argitaratu berri du eta Jose Miguel de Barandiaran Fundazioa proiektuan lagundu duten erakundeetako bat izan da.

Euskal Herriko mendirik berezienetariko bat da Anboto, dela bere edertasunagatik bai eta bere inguruan eraikitako kondaira eta mitoengatik ere. Toki enblematikoa ardatz hartuta artista bizkaitarrak osatu duen liburuan, besteak beste, Jose Migel Barandiaranek Diccionario de Mitología Vasca liburuan Mariri buruz idatzitako hainbat testu jasotzen dira, non Mariren izen ezberdinak, hartu ohi dituen itxurak zein bizileku desberdinen berri ematen duen, beste hainbat konturen artean.

<< Imanol Marrodánen webgunea >>