• slider33.jpg


“Europa, Barandiaran eta baloreak” mahai-inguru zikloa, Barandiaranen heriotzaren 25. urteurrenean

Urriaren 20an, osteguna, Gasteizen emango dio hasiera Jose Miguel de  Barandiaran Fundazioak “Europa, Barandiaran eta baloreak” mahai-ingurua zikloari. Hain zuzen ere, 2016an Jose Miguel Barandiaran hil zela 25 urte betetzen dira eta abenduaren 21era bitarteko egitaraua antolatu du Fundazioak.

Lehenengo hitzordua Gasteizen izango da, urriaren 20an 19:30ean hasita Vital Fundazioa Aretoan (Dendaraba). Mahaiaren bueltan eseriko dira Argitxu Camus, Asier Barandiaran, Gaspar Martinez eta Ixone Fernandez de Labastida, eta honako gaiak izango dituzte ahotan, hurrenez hurren: Barandiaran eta Europa; Barandiaranen baloreak gaur egungo gizartean; Barandiaran: zientzia eta fedea; Barandiaran eta euskal gizartea.  

Mahai-inguruak errepikatu egingo dira abenduaren 15a bitartean gainerako euskal hiriburuetan: azaroak 3 (Bilbo); azaroak 17 (Donostia); abenduak 1 (Iruñea); abenduak 15 (Baiona). Guztiak 19:00etatik aurrera izango dira. 

Amaitzeko, abenduaren 21ean, hau da, Jose Miguel Barandiaran hil zen egunean bertan, itxiera ekitaldia egingo du Fundazioak Ataunen, hain zuzen Barandiaran bera bizi izan zen Sara Etxean. Bertan izango dira, besteak beste, Fundazioaren Patronatua osatzen duten erakundeetako ordezkariak. 

Barandiaranen irudia GipuzkoAround proiektuan

Iñaki Goikoetxea, Javier Iribarren, Maria Rubio eta Iker Zaballa komunikazioan adituek GipuzkoAround proiektua ari dira garatzen; hau da, 4 edo 5 egunetan zehar Gipuzkoako 89 udalerrietatik igaro eta 4-5 minutu inguru iraungo dituen bideo bat grabatzen ari dira.

Uztailaren 25ean iritsi zen GipuzkoAround proiektuko lantaldea Ataunera eta Atauniker elkartearen ekimenez eta Jentilbaratza elkarteko kideen laguntzarekin herriko hainbat ikur azalduko dira bideoan: Jose Migel Barandiaran, mitologia eta Domoa. "Ataungo Dorronsoro baserriaren atarian, atzeko aldean Ataungo Domoa duela egin zuten grabazioa", aipatu du Atauniker elkarteko eta Jose Miguel de Barandiaran Fundazioko kide Jexux Aizpuruak. 

Urte amaieran egingo dute GipuzkoAround proiektuaren emaitzaren zabalkundea.

Sara Etxea bisitatzen, uztailean

Uztailaren 12an bisita egin zuten Sara Etxera EHUko Psikologia Katedradun Patricia Insuak eta haren alaba Camilak, Jon Aizpurua eta Joxemari Galparsoro ataundarrak lagun zituztela.

"Patriciak bazuen lehendik ere Barandiaranen handitasunaren berri, bere ikasketetan irakasle izan zuelako Joxe Martin Apalategi antropologo ataundarra", aipatu du Aizpuruak. 

 

Abian da Barandiaran Beka 2016 deialdia

Barandiaran Beka 2016 deialdia ireki berri du Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak. Etnologia alorreko ikerketak izango dira edizio berriko ardatz eta interesatuek 2016ko urriaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dute euren proposamena.

Bekaren zuzkidurari dagokionez, 10.000 eurokoa izango da eta norbanakoek zein lantaldeek hartu ahal izango dute parte deialdian. Horiek, Euskal Herrian zein kanpoan bizi direnak izan daitezke, euskal kulturaren alor horietan lan egiten badute.

Fundazioak 2016ko abenduaren 31 baino lehen emango du epaiaren berri; halere, epaimahaiak beka esleitu gabe utz dezake, irizpideen arabera aurkezturiko proiektuek ez badituzte baldintzak betetzen.

Bekaren aurrekariak

Beka 1980an sortu zenetik  Euskal Herriko Historiaurre-Arkeologia eta Antropologia-Etnografiarekin zerikusia duten lanak bultzatzea izan da xede nagusia eta emaitza oso onak lortu dira. Euskal Herriko ikertzailerik esanguratsuenek hartu dute parte orain arte Barandiaran Bekaren ikerketa taldeetan.

Barandiaran Beka ikerketarako bi alderdietan Euskal Herrian erakarpen gehien duena dela esan daiteke eta horrek, ondorioz, bermatu egiten du Bekaren kalitatea.

Barandiaran Bekaren oinarriak, hemen

 

Anuario Eusko Folklore aldizkariaren 50. zenbakia

Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak argitaratzen duen Anuario Eusko Folklore aldizkaria bere 50. zenbakira iritsi da. Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin kaleratu berri den argitalpenak Labayru ikastegiko Ander Manterola eta Gurutzi Arregi  izan ditu zuzendari koordinatzaile, hurrenez hurren. 

Etniker Euskalerria taldeen lanekin osatu den 50. zenbaki honetan askotariko gaiak landu dituzte egileek. Horietariko batzuk dira: Estudio etnográfico de Obanos (Navarra). Agricultura (Mª Amor Beguiristain);  Refranes y creencias de Sara (Lapurdi) recogidas por Augustin Etcheberry (1853-1900) (Jabier Kalzakorta); Olivos y aceitunas, trujales y aceite: El cultivo del olivo y la elaboración del aceite en Rioja Alavesa (José Angel Chasco Oyón); edota Ahotza, forgeron en Labourd (Iparralde) (Michel Duvert).

2014an zendutako bi etnografo ezaguni eskainitako artikulu bana ere jasotzen da 50. zenbaki honetan: In Memoriam. Antxon Aguirre Sorondo (1946-2014) eta Arabako Etnografia Mintegiaren Por quién lloran las campanas, azken hau Patxo Fernandez de Jauregiri eskainia.

Sorreratik gaur arteko indizeak

Nabarmentzekoa da 1921ean Jose Migel Barandiaranek sortutako aldizkari zientifikoan argitaratu diren artikulu eta egile guztien indizea jasotzen duen artikulua egin dutela zenbaki honetarako Ander Manterolak eta Gurutzi Arregik. 

Noranzko berria

Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak Anuario Eusko Folklore agerkariari noranzko berria eman nahi izan dio eta zuzendaritza berritu du; hala, aurrerantzean, Abel Ariznabarretaren esku egongo da  egiteko hori. “Freskotasuna eman nahiko genioke agerkariari, orain arte landu diren gaiek tokia izango dute, baina berritasunak ere aurreikusten ditugu”, azaldu du Ariznabarretak.  

Barandiaranek sortutako aldizkaria koordinatuko duen batzorde zientifikoa osatzen eta 51. zenbakia prestatzen dihardu dagoeneko zuzendari berriak.