• slider33.jpg


Eusko Folklore Urtekari zaharberritua, kalean

Udazkenarekin batera, Eusko Folklore Urtekaria loratu da Jose Miguel de Barandiaran Fundazioan. Iaztik hona, aldizkari zientifikoak norabide berria hartu du, egungo gizartearen erronkei erantzuteko xedearekin. Argitalpena dagoeneko eskuragarri dago, eta azpiko galdetegia osatuz bidera daiteke ale bat jasotzeko eskaria. 

Aro berriari atea zabaldu dion 51. urtekaria bi zatitan banatzen da. Batetik, gai nagusia lantzen duten artikuluak biltzen dira. Hala, “Euskal kultura eta kulturgintza” gaiari jarraituz, Ibai Iztuetak, Ane Larrinagak eta Eneko Bidegainek egin dituzte euren ekarpenak. Bestetik, ekarpen “libreei” tartea eskaini zaie, eta atal honetan Urkiri Salaberriak, Maialen Morenok, Montse Ociok eta Ricardo Gurbindok parte hartu dute.

Edizio berri honetan Euskarak leku gehiago hartu du. Izan ere, orain arte gaztelaniazko gaiak izan dira nagusi, eta euskal hizkuntzaren presentzia nahiko mugatua zen urtekarian. Era berean, lurraldekotasuna zaindu da, Euskal Herriko herrialde ezberdinetatik lanak jaso baitira.

portada foto ok

Garai berriak iritsi badira ere urtekariak ez du eten orain arteko bidea, eta, horregatik, egun arte landu diren gaiek izan dute beren txokoa, hots, ohiko postulatu etnografikoek euren lekua izango dute aldizkari zaharberrituan. 

2016tik Abel Ariznabarretak zuzentzen du argitalpena, eta berarekin batera dabiltza erredakzio batzordean Patxi Juaristi, Ixone Fernandez de Labastida eta Anuntxi Arana. 

51. aleko gaiak

Euskal kultura eta kulturgintza

Euskal hizkuntza eta kultura. Ibai Iztueta Azurmendi.

Euskararen aldeko mugimenduaren bilakaera. Interpretaziorako proposamen bat. Ane Larrinaga Renteria.

Euskal kulturaren aitortza Ipar Euskal Herrian: txanponaren bi aldeak. Eneko Bidegain Aire.

Ekarpenak

Cultura vs cultural. Izaki Gizaki bihurtzen denean ala Izarren hautsa egun batean bilakatu zen bizigai. Urkiri Salaberria Gracia.

XX. mende hasierako toberetako bertso-sortak. Maialen Moreno Zubeldia.

Las plazas de toros en Álava. Montse Ocio Vallejo.

El garapito y los garapiteros. Ricardo Gurbindo Gil.

 
Urtekari bat jaso nahi izanez gero, bete segidako galdetegia:

 

 

 

Eusko Folklore Urtekari berria eta 2018ko aurrekontuen proiektua aurkeztu ditu Fundazioak Sara etxean egin duen Patronatu bileran

Urtero legez, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak udazkeneko patronatu bilera egin du Sara etxean, Ataunen, eta batzarrean, besteak beste, Eusko Folklore Urtekari zaharberritua eta 2018ko aurrekontuen proiektua aurkeztu ditu.

 

2018ko aurrekontuen proiektua datorren urtean aurrera eramango diren jarduera ezberdinen iparrorratza izango da. Eusko Folklore Urtekariari dagokionez, aldizkariko zuzendari berri Abel Ariznabarreta Zuberok egin du urtekari zaharberrituaren aurkezpena. Goitik beherako eraldatze prozesu baten ostean ikusi du argia aldizkariak. Irudi berria du argitalpenak, erakargarriagoa, egungo gizartearen erronkei erantzuteko xedearekin. Dagoeneko eskuragarri dago Fundazioaren webgunean. 

    

2017-10-26 10.54.53

Ordezkaritza zabala

Urriaren 26an egin den bileran segidako kideek parte hartu dute: Jose Miguel de Barandiaran Fundazioko presidente Josemari Velez de Mendizabal; Eusko Ikaskuntzako Arantza Cuesta, Jexux Aizpurua eta Susana Irigarai; Arabako Foru Aldundiko Kultura diputatu Igone Martinez Luna; Ataungo alkate eta kultura zinegotzi Asier Rodriguez eta Karmele Goñi; Bizkaiko kultura zuzendari Andoni Iturbe; Eusko Jaurlaritzako Imanol Agote; eta Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura zuzendari Marijose Telleria. Nafarroako Gobernuaren izenean Susana Irigarai egon da.

 

Aetzen testigantzak, Barandiaranen eskutik

Turismo Abaurrea blogak On Jose Miguel de Barandiaranek Aezkoan bildu zituen hainbat anekdota argitaratu ditu artikulu batean. Izan ere, gure ikertzailea Nafarroako Pirinioetan ibili zen, eskualde horretako txokoak eta herritarren ohiturak aztertzen.

Sakatu hemen artikulua irakurtzeko.  




VI. Gau ibilaldi mitologikoa, Ataunen

Urtero legez, uztailaren 15ean garai bateko ipuin eta legenda harrigarrien munduan murgilduko da Ataun. Izan ere, arratsaldeko 20:30ean, VI. Gau ibilaldi mitologikoa ospatuko dute On Jose Miguel Barandiaranen sorterrian.

 

 

Abian da 2017ko Barandiaran Bekaren deialdian izena emateko epea

Arkeologia alorreko ikerketei zuzenduta egongo da 2017ko deialdia

 

Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak Barandiaran Beka 2017 deialdia abiatu du. Arkeologia alorreko ikerketa bultzatuko du edizio berri honek, eta interesatuek 2017ko urriaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dute euren proposamena.

On Jose Miguel Barandiaranek urte asko eman zituen arkeologia lantzen, eta haren itzala oso luzea da Euskal Herriko indusketa arkeologikoetan. Hori dela eta, aurtengo deialdiak helburu garbi bat izango du. On Jose Miguel Barandiaranek abian jarri zituen ikerketa lanak egun nola dauden aztertzea, hots, bitarte honetan egin diren indusketek eman dituzten fruituak ikertzea, hala nola Santimamiñe, Lezetxiki edo Urtiaga, aztarnategi batzuk aipatzearren. 

Helburua izango da digitalizatutako informazio horren guztiaren azterketa kritikoa, Fundazioak oraindik argitaratu gabe dituen datuak publiko orokorrari nahiz egungo arkeologoei itzultzeko. Azken emaitza izango da testu idatzia, non kontestualizatuko diren aztarnategi horretan egindako aurkikuntzak ebakidura estratigrafikoekin, argazkiekin, oinplanoekin eta indusketa bukatu ondoren, lekuaren inguruan eginiko gainerako ekarpen eta analisiekin. 

Jatorrizko irudi eta testuetara jotzeko, Fundazioaren web orrialdean esteka batzuk ipintzea ere aurreikusia dago. Barandiaranek burututako egunerokotasuna sendotuta geldituko da horrela, eta bere lanetatik oraindik erauzi daitekeen informazio guztia gizarteratuko da, XXI. mendeko formatu batean, Oroimen Digitalaren era batez, hain zuzen ere. 

Bekaren diru-laguntza 10.000 euro izango da, eta norbanakoek zein lantaldeek hartu ahal izango dute parte deialdian.

Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak 2017ko abenduaren 15ean emango du epaiaren berri. Urtebeteko epea izango du jasotzaileak lana egiteko. Epaimahaiak, halere, beka esleitu gabe utz dezake, irizpideen arabera aurkezturiko proiektuek ez badituzte baldintzak betetzen.

Bekaren  oinarriak