• slider33.jpg


Ariznabarreta 'Ezkio Eusko Folkloren' liburuaren aurkezpenean

Abel Ariznabarreta Eusko Folklorearen Urtekariko zuzendariak Ezkioko Udalaren eta Yartu kultur elkartearen ekimenez argitaratu berri den 'Ezkio Eusko Folkloren' liburuaren aurkezpenean parte hartu zuen apirilaren 27an. Liburuan, Eusko Folklore Urtekarian argitaratu diren hiru artikulu jasotzen dira: Pueblo de Ezquioga, Sinforoso de Ibarguren (1927); La cocina rural en Ezquioga, Sinforoso de Ibarguren (1963-1964); eta Abeltzaintza gaur egun eta mende honen hasieran Ezkioko Herrian, Joseba Zendoia, (1984).

 

Ezkio 2018 apirila Gotzon Aranburu05

Ariznabarreta aurkezpenean, Zendoia eta Mendigurenekin batera (Argazkia: Gotzon Aranburu)

Ezkioko udaletxean egin zuten liburuaren aurkezpena eta Ariznabarretak 1921ean Barandiaranek sortutako agerkariaren nondik norakoak azaldu zizkien bertaratutakoei, bai eta azken zenbakitik aurrera (51.zenbakia) Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak eman nahi izan dion norantza berriari buruzko zertzeladak eman ere.

Ariznabarretarekin batera mahaian egon ziren Iñaki Mendiguren zinegotzia; Joseba Zendoia, liburuan jasotako lanetariko baten egilea; Jose Inazio Etxezarreta alkatea eta Marilu Pildain zinegotzi eta Yartu elkarteko lehendakaria.

Patronatuak 2018ko aurrekontua onartu du

Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan egin du Jose Miguel de Barandiaran Fundazioaren Patronatuak urteko lehenengo bilera. Askotariko gaiak ipini zituzten mahai gainean martxoaren 21eginiko bilkuran.

 Patronatua 2018.03.21

Besteen artean, 2017 urteko kontuak onartu zituzten eta baita 2018ari dagokion aurrekontua ere. Bestelako gaiak ere izan zituzten mintzagai patronokideek: Eusko Folklorearen Urtekariaren 52. zenbakia (dagoeneko martxan dagoena eta urrirako kaleratzea aurreikusten dena) zein Barandiaran Beka, esaterako; horiek dira egun Fundazioak dituen oinarrizko zutabeak.

Fundazioak Ataundik kanpo egiten du urtean zehar antolatutako bi bileretako lehena, eta Gipuzkoako hiriburuan eginikoan honakoek hartu zuten parte: Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Politika Sailburu Bingen Zupiria, Nafarroako Kultura Zuzendari Fernando Perez, Gipuzkoako Kultura Zuzendari María José Telleria, Bizkaiko Kultura Zuzendari Andoni Iturbe, Ataungo alkate Asier Rodriguez eta Ataungo Kultura zinegotzi Karmele Aierbe. Eusko Ikaskuntzaren ordezkari gisa, berriz,  Fundazioko presidente Josemari Velez de Mendizabal eta Jexux Aizpurua egon ziren bertan.

Sara Etxea gaztetxoz betea

Joxemiel Barandiaran ikastetxeko Lehen Hezkuntzako azken urteko neska-mutilek Sara Etxea bisitatzeko aukera izan zuten 2018ko martxoaren 9an, ostirala.

IMG-20180309-WA0002

Juan Felipe Barandiaran irakaslea lagun zutela eta Atauniker elkarteko Joxan Auzmendi eta Jexux Aizpuruaren gidaritzapean egin zuten bisita. Modu horretan, seigarren mailako ikasleek ataundar ezagunaren etxea izandakoa barrutik ezagutu eta hainbat konturen berri jaso zuten.

Barandiaran Bilduma 19. zenbakia, KOBIEn

kobie
Dani Rementeria Arruza antropologo bizkaitarrak eskuratu zuen 2011ko Barandiaran Ikerketa Beka eta argia ikusi du bere lanak oraintsu.

Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik, KOBIE agerkariaren Series Anejos 14 zenbakiak Rementeriaren Paisajes Culturales de Busturialdea: procesos, tensiones y derivas lana jasotzen du bere baitan. Hori horrela, Barandiaran Bildumaren 19. zenbakiari legokion argitalpena izango litzateke KOBIEkoa.

Lezetxikiko aztarnategiaren bilakaera ikertzen duen proiektu batek irabazi du 2017ko Barandiaran Beka

Arrasateko Lezetxiki aztarnategiaren iragana eta oraina ikertuko ditu 2017ko Barandiaran Bekak. Izan ere, aurtengo deialdiak Jose Miguel Barandiaranek abian jarri zituen lan arkeologikoen bilakaera aztertzea izan du xede nagusi. Hala, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak antolatutako deialdiaren epai-mahaiak Maria Jose Iriartek eta Alvaro Arrizabalagak egindako proposamenari eman dio aurtengo beka: De ayer y de hoy. Documentación, salvaguarda digital y actualización de los trabajos arqueológicos de Jose Miguel de Barandiarán en la cueva de Lezetxiki (Arrasate), a la luz de las excavaciones más recientes y la documentación original. Proiektua garatzeko 10.000 euroko diru-laguntza izango dute. 

Epai-mahaiaren hitzetan, “oso planteamendu zehatza eta interesgarria egiten du lantaldeak”, eta bete-betean egiten du bat aurtengo helburuarekin: Jose Miguel Barandiaranek abian jarritako aztarnategi baten bilakaera aztertzea. Ildo berean, epai-mahaiak bereziki azpimarratu du Iriartek eta Arrizabalagak gaiaren inguruan duten ezagutza, biak izan baitira aztarnategiaren zuzendariak, 1996tik 2016ra bitartean, hain zuzen. Horiek horrela, epaia-mahaiak bereziki nabarmendu du euren proposamenak “bultzada nabarmena emango diola garai batean Barandiaranek egin zuen lanari”, eta horri esker gaurkotu egingo dela Jose Miguel Barandiaranen legatua. 

Proiektuaren izenburuak adierazten duen bezala, proposamenak helburu anitz ditu; esaterako, Lezetxikiko informazio originala euskarri digitalera bihurtuko dute, etorkizunean gordeta izateko helburuarekin; gero, informazio guztia transkribatu egingo dute, modu errazean erabili ahal izateko; bukatzeko, informazio guztia Barandiaranen testuinguru pertsonalean eta akademikoan kokatuko da, eta erregistro hau bateratuko da indusketetan berreskuratutakoarekin.

Lezetxikiko aztarnategia

Euskal Herriko aztarnategien artean garrantzitsuenetarikoa da Arrasateko (Gipuzkoa) Lezetxiki. 1927an, Justo Jauregik aztarnategiaren berri eman zion Jose Miguel Barandiarani, eta Gerra zibilaren ostean, 1956an hasi ziren lehen indusketa lanak egiten. Orotara, 34 arkeologia ekinaldi burutu dira (hamahiru Barandiaranen eta hainbat laguntzaileen zuzendaritzapean eta hogeita bat Iriarteren eta Arrizabalagaren zuzendaritzapean) , eta bitarte horretan aurkikuntza interesgarriak egin dira, hala nola, milaka hezur eta harrizko tresnak. Aztarna horiek guztiak duela 215.000 urte leizean bizi ziren neandertalen eta cromagnonen lekuko mutuak dira.

Jose Miguel Barandiaran erbestetik bueltatu zenean, Hego Frantziako laborategi bilakatuenetan ikasitako metodo aurreraturenak aplikatzen hasi zen Lezetxikin. Era berean, egun boladan dauden netwoking teknika garatuak aplikatzen  hasi zen, bere lotura profesional guztiak erabiliz aztarnategiari txinpartak ateratzeko.

Euskal Herriko arkeologiaren munduarentzat indusketa garrantzitsua izan da Lezetxiki. Metodologia arkeologikoari dagokionez, landa laborategi erraldoia izan da aztarnategia, teknika aurreratuenak bertan saiatzeko aukera eskaini duelarik. Hori horrela, poliki-poliki, esan daiteke Euskal Herriaren historiako aldirik luzeena era fidagarri batean ari dela edukiz osatzen Lezetxikiri esker.

Ikertzaileen curriculuma

Maria Jose Iriarte-Chiapusso Ikerbasqueko ikerketa irakaslea da, Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurreko ikerketa taldean. Alvaro Arrizabalaga (Historiaurreko irakasle titularra UPV/EHUn) bezala, azken hamarkadatan Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzailea ere izan da. Iriartek bateratzen du polen fosilaren analisia (Paleopalinologia) Gipuzkoa eta Bizkaiko hainbat Paleolito, Mesolito eta Neolitoko aztarnategien indusketa (Ezkuzta, Bolinkoba, Jaizkibel edo Silibranka, besteak beste) prozesuarekin.

Alvaro Arrizabalagaren espezializazio alorra Paleolitoko ezarmenduen harrizko objektuen teknologia da. Indusketa anitz zuzendu ditu, Labeko Koba (1987-1988) aurrena izan zuelarik. Beste batzuk, 50 ekinaldi osatu arte, Irikaitz edo Lezetxikiko aztarnategietan burutu ditu.