Mendea beteta iritsi da 55.zenbakira Eusko Folklore Urtekaria

2021.12.15

Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak kaleratzen du 1921ean Barandiaranek berak sortutako Anuario de Eusko Folklore - Eusko Folklore Urtekaria. Aurten 55. zenbakia kaleratu da, eta monografiko honetan Mendeurrena (1921-2021) da gai nagusia.

EFU 55 aurkezpena

Gasteizeko BIBAT museoan aurkeztu da liburuaren edizio berria. Prentsaurrekoan parte hartu dute Arabako Kultura zuzendari Inmaculada Sanchezek, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioko presidente Ixone Fernandez de Labastidak eta Eusko Folklore Urtekariako zuzendari Abel Ariznabarretak.

Ariznabarretak hala azaltzen du zenbaki berriaren nodik norakoak: "Aurten On Jose Migel Barandiaranek Eusko Folklore proiektua abian jarri zuenetik 100 urte betetzerakoan, ezinbestekoa zen Urtekariaren ale hau Euskal Herriko azterketa antropologiko eta etnografikoen panoraman ekintza horrek gaur egun arte eman dituen emaitzen lagin adierazgarri bat jasotzen saiatzea. Egia esan, jakin badakigu Barandiaranen lanak azterlan horien garapenean izan duen eragina liburu honetan jaso ahal izan duguna baino askoz ere handiagoa dela. Jakina, hemen ez da agortzen ekarpen horien azterketa, baina, gure ustez, erreferentzia esanguratsuak ematen dira, gaia sakontzen jarraitzeko abiapuntu izan daitezkeenak".

Bestalde, Fundazioko presidenteak gogora ekarri du urte berezia dela Jose Miguel de Barandiaran Fundazioarentzat. "Gure argitalpen enblematikoenak 100 urte bete ditu, eta gogoratzeko garaia dela uste dugu, baina baita aurrera begira jarraitzeko garaia ere. Ikuspegi horrekin ekin zion Eusko Folklore proiektuari 1921ean bere fundatzaileak ere". Ez bakarrik argitalpen honi dagokionez ere, Fundazioak azken urteetan hainbat erronkei egin baitie eta egingo die aurre Fernandez de Labastidaren esanetan: "Urun dago Jose Migel Barandiaran bizi izan zen garaia, eta, agian horregatik, haren irudia lausotuta dago gaur egun euskal jendartean, eta baliteke belaunaldi berriek ez jakitea nor izan zen ataundarra. Hori dela-eta, Fundazioaren helburuetako bat da berak egindako lan handia ezagutaraztea eta gogoraraztea. Bere ekoizpen zientifikoa berritzailea izan zen. Metodoa eta ikerketa gauza bizia dira  eta gaur egungo euskal antropologiak zein arkeologiak ere edan dute eta edaten jarraitzen dute Barandiaranek egindako ekarpen handi horretatik”.

Gogoratu du Fundazioak ikerkuntzan lagundu nahi duela. Hori dela eta, urtero, Barandiaran Beka bat antolatzen du, antropologiari eta arkeologiari buruzkoa, eta ikertzaile gazteenen lanak lehenesten ditu, ideia eta ekarpen berriak dituztenn horienak. “Horren ondorioz, emaitzak gaur egun interes handiko lanak dira gure diziplinentzat”.

Dagoeneko eskuragarri dago Eusko Folklore Urtekariaren 55. zenbakia (eskariak E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. egin daitezke) eta gainera online ere kontsultatu daiteke (artikulu guztiak hemen)

Mendeurrenaren harira FundazioakEusko Folklore Urtekariaren ibilbideaz eta Fundazioaren beraren erronkez hitz egiten duen bideo bat ekoiztu du 2021ean.