Eusko Folklore Urtekaria: 100 urte ikerketa bidean

2021

100 urte betetzen ditu Eusko Folklore Urtekariak; beraz, ez da  aldizkari berria baina gaztetuta dabil azken aldian: 100 urteko bidea egin duen agerkari zientifikoari freskotasuna dario azken urteetako lanari esker. Hain zuzen ere, 51. zenbakiaz geroztik itxuraldatuta dabil, lehen begiratuan azalean nabari da hori eta behin urtekaria zabalduta ohartzen gara edukiari, hizkuntza erabilerari eta parte hartzen duten egileei dagokienez ere eraldatu dela aldizkaria, bertako zuzendari Abel Ariznabarretaren eskutik, hein handi batean.

Mende bateko ibilbidean asko izan dira jorratutako gaiak: euskal etnografiaren inguruko ikerketek izan dute tokia batez ere bere orrietan, baina arkeologiaren ingurukoak ere irakurri ahal izan dira, batez ere hasieran, eta baita 2020an kaleratutako monografikoan ere, Arkeologiari eskainia egon baitzen 54. zenbakia.

Jose Miguel Barandiaranek ikerketarako zeukan grina handia zen eta hainbat bide jorratzera eraman zuen jakin-min hark; horietariko bat da Eusko Folklore Urtekaria. 1921. urtea zen eta egindako ikerketentzako erakusleiho izan gura zuen eta etapa ezberdinak bizi izan ditu: sorreratik gerra hasi bitartekoa; 1955-1978 urte artekoa (Aranzadi Zientzia Elkartearen argitalpen gisa); 1979-1988 Eusko Ikaskuntzaren baitan eta 1989tik gaur arte, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioaren argitalpen modura.

2021ean Eusko Folklore Urtekariaren 55. zenbakiak ikusiko du argia, bigarren seihilekoan. Eta urte honetan modu xumean ospatuko du Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak mendeurrena.

fondo negro Largo