Oraintsuko Historiaurrean kokatutako ikerlana 2020ko Barandiaran Bekaren irabazle

Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak Barandiaran Beka 2020 esleitu berri dio honako proiektuari: Oraintsuko Historiaurrea Iparraldeko Euskal Herrian: erabateko kronologia eta kultura-aldaketak (PreKronoa) [Prehistoria Reciente En El País Vasco Septentrional: Cronología Absoluta Y Cambios Culturales (PreCrono)]. Miriam Cubasek zuzendu eta Ángel Armendarizek, Jesús Tapiak, Izaro Quevedok eta Urko Santamariak osatzen dute ikerlana garatuko duen lantaldea.

2020ko Barandiaran Bekako proiektu irabazleari dagokionez epaimahaiak zehaztu du lantaldea izaera zabaleko pertsonez osatuta dagoela, dela adinagatik zein beraien lan ibilbideagatik ere. “Cubasek zuzendutako taldea izanda, gainera, ikerketaren emaitza ona bermatzen digu, bere lan arloan erreferentea baita. Bestalde, hautatu duten gaia gutxi ikertutakoa da, hain zuzen, Gipuzkoa eta Bizkaiko gertuko historiaurreari buruzko izango da”, gaineratu dute.

Guztira arkeologia arloarekin erlazionatutako 9 proposamen aurkeztu dira deialdira. Horiek baloratu dituen epaimahaiaren esanetan edizio honetako maila altua izan da. “Aurkezturiko zenbait proiektuk gai originala landu dute eta gainera, partehartzaileen aniztasuna ere aipagarria da”.
mCubas

Miriam Cubas Morera

2020 urtean zehar garatu beharko duzue  ikerlana. 

Barandiaran Beka 2020ari esker garatuko dugu Oraintsuko historiaurrea Iparraldeko Euskal Herrian: erabateko kronologia eta kultura-aldaketak (Prekronoa) ikerlana, zehatzago esateko, Bizkaian eta Gipuzkoan oinarrituko gara. Ezagunak diren aztarnategietan zentratuko da ikerketa, esaterako, hilobi haitzuloetan. XX. Mendean zehar giza aztarnak -askotan kopuru handian--agertu izan diren hainbat  kobazulo aztertu eta induskatu ziren eta horiek Oraintsuko Historiaurreari lotu izan zaizkie orokorrean. Proiektu honek aztarnategi horien kronologia zehaztu nahi du horietako haitzulo batzuetan dokumentatutako hildakoen datazioa eginez. Era berean, hildako horien analisi isotopikoa egingo da batez ere ze elikagai jan zuten  jakiteko eta beraien dietaren baliabide nagusiak zeintzuk ziren zehazteko.

Zertan oinarrituko zarete eta zer espero duzue aurkitzea?
Bizkaia eta Gipuzkoako hilobi-haitzulo esanguratsuenak aukeratuko ditugu bertako hilotzak noiz hil ziren jakiteko eta hil ziren unean zer jaten zuten ezagutzeko. Proiektuarekin duela 7000 eta 3000 urte artean, ehorzketa toki gisa lurperatzeko haitzuloen erabileraren sistematizazioa ezartzea bilatzen dugu, ehorzketarako leku moduan gehien erabili ziren uneak zeintzuk izan ziren aztertuz.

Zein izango da erabiliko duzuen metodologia?
PreKronoak aztarnategi interesgarrienen eta giza aztarnak hoberen kontserbatzen diren tokien aukeraketa egingo du. Hortik abiatuz karbono 14aren bitartezko analisia egingo da, euren kronologia ezagutzeko. Hezurren kolagenoaren karbono eta nitrogeno isotopoak aztertuko dira, hala, heriotzaren unean kontsumitzen zituzten jaki nagusiak zeintzuk ziren jakiteko.

Zer adierazten du 2020ko Barandiaran Beka eskuratu izanak?
Euskal Herriko Historiaurrearentzat funtsezko proiektu bat garatzeko aukera eman digu Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak emandako bekak. Kobazulo testuinguruan egiten ziren hilobiratzeak ezagunak dira arkeologiari dagokionez, baina haien kronologiaren eta gertuko Historiaurrean zehar izandako iraupenaren inguruan informazio gutxi dago. Barandiaran Bekak PreKrono ikerketa taldeari, hileta-gertakari horien inguruko azterketa sistematikoa garatzea ahalbidetuko dio.