Barandiaran Bilduma 20. zenbakira iritsi da

Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak Barandiaran Bilduma kaleratzen du Barandiaran Bekaren emaitzak bertan jasoz. 2019ko urriaren 17an Arabako Foru Aldundiaren egoitzan Barandiaran Bildumaren 20. zenbakia aurkeztu da, Josu Ozaita eta Edurne Urrestarazu antropologoek 2017ko Barandiaran Beka irabazita eginiko “Arabako Errioxako Enokultura Sarea” ikerlana, hain zuzen. Arabako Foru Aldundiaren moldiztegian inprimatu da eta jatorrizko euskarazko ikerlana jasotzeaz gainera, liburuxkak gaztelaniazko laburpen bat ere badu amaieran.

 BarandiaranBilduma20 web

Inmaculada Sánchez Arbe Arabako Kultura Zuzendariak, ikerlanaren egileek eta Jose Miguel de Barandiaran Fundazioko presidente Josemari Velez de Mendizabal eta idazkari tekniko Zuriñe Velez de Mendizabalek hartu dute parte aurkezpenean.

Arabako Kultura Zuzendariaren eskutik hasi da aurkezpena. Arabako Errioxari eta ardoari hurbilpen bat egin eta ikerketaren helburuak ere aipatu ditu, eta Jose Miguel de Barandiaran Fundazioari horrelako ikerketak bultzatzea eskertuz.

Fundazioko presidentearen txanda izan da ostean, eta ikerketa honek Fundazioan mugarri bat ipintzen duela aipatu du. Gaineratu du itxaropentsua dela, gainera, horrelako gai baten inguruko ikerlanak bi gaztek egin izana eta gainera, euskaraz.

IMG-20191017-WA0004
 
“Arrazoi asko izan zituen epaimahaiak 2017ko Barandiaran Beka Ozaita eta Urrestarazuri emateko: originala, ongi egituratua,  Arabako Errioxan kokatua (gutxi ikertutako toki batean) eta euskaraz zelako, besteak beste”, ekarri du gogora Zuriñe Velez de Mendizabal Fundazioko kideak. “Lana irakurriz gero aukeraketan hutsik egin ez zela ikusiko du irakurleak”.

Bi autoreek, bestalde, ikerketaz hitz egin dute: “2016ko abenduan jakin genuen beka eman zigutela. Urruti ikusten dugu, baina albistea pozez jaso eta ikerketari gogoz heldu geniola gogoan dugu. Biok gipuzkoarrak izanda, geografikoki hain urruti ez, baina bizimoduz nahiko desberdina den euskal zonalde batean aritzeko aukera izan dugu Arabako Errioxan. Oso ibilbide polita izan da, leku eta jende ona ezagutzera ahalbidetu gaituena. Bertakoen testigantzak jaso ditugu eta gure hausnarketekin josita, liburuak ikerketaren bilketa interesgarria eta aberatsa egiten duela uste dugu”. 

Horrez gainera,” Barandiaran Bekari esker antropologo sentitu gara, eta animoa izan da antropologia bidean jarraitzeko”, gaineratu zuten.

Barandiaran Bildumaren 20. zenbakia Jose Miguel de Barandiaran Fundazioaren bidez eskura daiteke, 15 eurotan.