Jose Miguel Barandiaran marrazki bizidun bilakatuta

Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak HEZIMUBIrekin batera garatu du ‘1,2,3… Barandiaran’ egitasmoa. Bost bideo laburrez osatuta dago proiektua eta ataundarraren bizitzako hainbat gorabehera kontatzen dira bertan. Azaroaren 5ean aurkezpena eginda, asmoa hilean behin bideo berri bat sareratzea izango da.

Marrazki bizidun forman datorkigu Barandiaran oraingoan. Gaztaroan hasita - antropologia eta etnografiarako bere zaletasuna azaleratu zenean- erbestera arteko kontakizuna egiten da ekoiztutako bideoetan zehar.

Fundazioak argi dauka: modu erakargarri eta freskoan Euskal Herrian zein atzerrian erreferente izan zen gipuzkoarraren irudia gaur egunera ekartzea funtsezkoa da haren izena eta izana mantentzeko. “HEZIMUBItik lan ederra egin dute, Barandiaranen bizitzako hainbat momentu modu erraz batean ezagutzeko aukera ematen dute bideo hauek. Proiekturako propio sortutako irudi zein musikak eta Jon Aizpurua kazetariaren lokuzioak harrapatu egiten du ikuslea hasieratik”.