• slider33.jpg


Barandiaran gogoan Eusko Ikaskuntzaren batzar nagusian

Ekainaren 2an Eusko Ikaskuntzak batzar nagusia egin zuen Oñatin; ez zen nolanahiko bilera izan, bertan erakundearen mendeurrenaren harira, "etapa desberdinetan eta egoera historiko aldakorretan Eusko Ikaskuntza zuzentzeko ardura eskuzabaltasun eta ilusioz hartu zutenei" omenaldia egin baitzieten, tartean Jose Miguel de Barandiarani.

Ei-Barandiaran

Jose Miguel de Barandiaran Fundazioko presidentea -eskuinean- oroigarria jaso ondoren (Argazkia: Leire Gaceo)

Fundazioko presidente Josemari Velez de Mendizabalek hartu zuen egun Eusko Ikaskuntzako presidente den Iñaki Dorronsororen eskutik ataundarrari eskainitako garaikurra. "Jose Miguel Barandiaran erreferente kulturala da Euskal Herri osorako. Hasiera batetik bere irudia, lana eta izana Eusko Ikaskuntzarekin paraleloki doa eta Eusko Ikaskuntza ere mende baten buruan Euskal Herriko beste erreferente kultural ezinbestekoa bilakatu da", esan zuen.

Barandiaranez gainera,  Julián Elorza, Gregorio Monreal, Juan José Goiriena de Gandarias, Javier Retegui eta Joxe Mari Muñoa ere omendu zituzten, eta Oñatiko Udalak Eusko Ikaskuntzaren Ohorezko Bazkide titulua jaso zuen.

Barandiaran eta Eusko Ikaskuntza (1978-1991)

Ataungo Jakitunaren biografia pertsonal eta zientifikoa Eusko Ikaskuntzarenarekin nahasten da, fundatzaile eta Batzar Iraunkorreko bozeramaile izan baitzen 1922tik 1936ra. Erbestean Eusko Ikaskuntzaren bi kongresu antolatzeko lanetan lagundu zuen. 1976tik aurrera, beste pertsonalitate zenbaitekin batera Eusko Ikaskuntza berriro sortzea bultzatu zuen. 1978an presidente aukeratu zuten bazkideek eta baita hiru bider berriro aukeratu ere. Gerra Zibila baino lehen eta ondorengo belaunaldien arteko zubi lana dela eta, inork ez zuen berak bezain ondo irudikatu.