• slider33.jpg


Lezetxikiko aztarnategiaren bilakaera ikertzen duen proiektu batek irabazi du 2017ko Barandiaran Beka

Arrasateko Lezetxiki aztarnategiaren iragana eta oraina ikertuko ditu 2017ko Barandiaran Bekak. Izan ere, aurtengo deialdiak Jose Miguel Barandiaranek abian jarri zituen lan arkeologikoen bilakaera aztertzea izan du xede nagusi. Hala, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak antolatutako deialdiaren epai-mahaiak Maria Jose Iriartek eta Alvaro Arrizabalagak egindako proposamenari eman dio aurtengo beka: De ayer y de hoy. Documentación, salvaguarda digital y actualización de los trabajos arqueológicos de Jose Miguel de Barandiarán en la cueva de Lezetxiki (Arrasate), a la luz de las excavaciones más recientes y la documentación original. Proiektua garatzeko 10.000 euroko diru-laguntza izango dute. 

Epai-mahaiaren hitzetan, “oso planteamendu zehatza eta interesgarria egiten du lantaldeak”, eta bete-betean egiten du bat aurtengo helburuarekin: Jose Miguel Barandiaranek abian jarritako aztarnategi baten bilakaera aztertzea. Ildo berean, epai-mahaiak bereziki azpimarratu du Iriartek eta Arrizabalagak gaiaren inguruan duten ezagutza, biak izan baitira aztarnategiaren zuzendariak, 1996tik 2016ra bitartean, hain zuzen. Horiek horrela, epaia-mahaiak bereziki nabarmendu du euren proposamenak “bultzada nabarmena emango diola garai batean Barandiaranek egin zuen lanari”, eta horri esker gaurkotu egingo dela Jose Miguel Barandiaranen legatua. 

Proiektuaren izenburuak adierazten duen bezala, proposamenak helburu anitz ditu; esaterako, Lezetxikiko informazio originala euskarri digitalera bihurtuko dute, etorkizunean gordeta izateko helburuarekin; gero, informazio guztia transkribatu egingo dute, modu errazean erabili ahal izateko; bukatzeko, informazio guztia Barandiaranen testuinguru pertsonalean eta akademikoan kokatuko da, eta erregistro hau bateratuko da indusketetan berreskuratutakoarekin.

Lezetxikiko aztarnategia

Euskal Herriko aztarnategien artean garrantzitsuenetarikoa da Arrasateko (Gipuzkoa) Lezetxiki. 1927an, Justo Jauregik aztarnategiaren berri eman zion Jose Miguel Barandiarani, eta Gerra zibilaren ostean, 1956an hasi ziren lehen indusketa lanak egiten. Orotara, 34 arkeologia ekinaldi burutu dira (hamahiru Barandiaranen eta hainbat laguntzaileen zuzendaritzapean eta hogeita bat Iriarteren eta Arrizabalagaren zuzendaritzapean) , eta bitarte horretan aurkikuntza interesgarriak egin dira, hala nola, milaka hezur eta harrizko tresnak. Aztarna horiek guztiak duela 215.000 urte leizean bizi ziren neandertalen eta cromagnonen lekuko mutuak dira.

Jose Miguel Barandiaran erbestetik bueltatu zenean, Hego Frantziako laborategi bilakatuenetan ikasitako metodo aurreraturenak aplikatzen hasi zen Lezetxikin. Era berean, egun boladan dauden netwoking teknika garatuak aplikatzen  hasi zen, bere lotura profesional guztiak erabiliz aztarnategiari txinpartak ateratzeko.

Euskal Herriko arkeologiaren munduarentzat indusketa garrantzitsua izan da Lezetxiki. Metodologia arkeologikoari dagokionez, landa laborategi erraldoia izan da aztarnategia, teknika aurreratuenak bertan saiatzeko aukera eskaini duelarik. Hori horrela, poliki-poliki, esan daiteke Euskal Herriaren historiako aldirik luzeena era fidagarri batean ari dela edukiz osatzen Lezetxikiri esker.

Ikertzaileen curriculuma

Maria Jose Iriarte-Chiapusso Ikerbasqueko ikerketa irakaslea da, Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurreko ikerketa taldean. Alvaro Arrizabalaga (Historiaurreko irakasle titularra UPV/EHUn) bezala, azken hamarkadatan Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzailea ere izan da. Iriartek bateratzen du polen fosilaren analisia (Paleopalinologia) Gipuzkoa eta Bizkaiko hainbat Paleolito, Mesolito eta Neolitoko aztarnategien indusketa (Ezkuzta, Bolinkoba, Jaizkibel edo Silibranka, besteak beste) prozesuarekin.

Alvaro Arrizabalagaren espezializazio alorra Paleolitoko ezarmenduen harrizko objektuen teknologia da. Indusketa anitz zuzendu ditu, Labeko Koba (1987-1988) aurrena izan zuelarik. Beste batzuk, 50 ekinaldi osatu arte, Irikaitz edo Lezetxikiko aztarnategietan burutu ditu.