Izendapen berriak Fundazioan

Jose Miguel de Barandiaran Fundazioko azken Patronatu bileran (urriak 15) askotariko gaiak landu zituzten Ataungo Sara Etxera bertaratutako kideek; aurrena baina, Josemari Velez de Mendizabal Fundazioko Presidenteak ongietorria egin zien 2015ean Patronatuan sartu berri diren patronoei. 

 

Bileran, besteen artean, Patronatuko idazkariaren kargu uztea eta berriaren izendapena eman zen; hori horrela, aurrerantzean Arantza Cuestak ordezkatuko du Susana Irigaray egiteko horretan. 

Ez zen baina, eguneko kargu-hartze bakarra izan. Hain zuzen ere, 2015eko hauteskundeen ondorioz Patronatua osatzen duten 10 kideetatik 5 berriztu dira, eta kide berriek ere onartu zuten euren izendatzea. Hauek dira kide berriak: Ana Herrera (Nafarroako Kultura Kontseilaria), Igone Martinez de Luna (Arabako Kulturako Foru Diputatua); Lorea Bilbao (Bizkaiko Kulturako Foru Diputatua), María José Telleria (Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria), Asier Rodriguez (Ataungo alkatea).

 

Mahaiaren bueltan eserita, besteak beste, honako gaiak landu zituzten urriaren 15ean bilerara bertaratutakoek: 2015eko jardueren berri eman zen; 2016ko behin-behineko aurrekontua onartu zuten; gai administratiboak landu ziren... 

 

Eta horrez gainera, 1921. urtean Jose Migel Barandiaranek berak sortutako Eusko Folklorearen Urtekaria ere izan zuten gai zerrendan patronoek. Hala, argitalpenaren etorkizunaren inguruan jardun zuten, eta Abel Ariznabarreta izendatu zuen Patronatuak EFUaren zuzendari berri. Sara Etxeraino gerturatu zen Ariznabarrareta bera, argitalpen aitzindariari eman nahiko liokeen norazkoaren berri emateko.