Bizkaitik AEBrako emigrazioa 2021eko Barandiaran Bekan ikergai
2021.01.14
"Bizkaitarren emigrazioa Ameriketako Estatu Batuetara XX. mendean ikuspegi etnologiko batetik”. Proiektu hori aurkeztuta esleitu zion epaimahaiak Zuriñe Goitiak eta Asier Barandiaranek osatutako lantaldeari Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak ematen duen Barandiaran Beka. Abenduaren 28an eginiko bileran hartu zuen erabakia epaimahaiak. “Aurkeztutako lanen artetik bekaren oinarriei gehien egokitzen zen proiektua da; interesgarria eta anbizio handikoa. Azken emaitza irakurtzeko desiratzen gaude”, aipatu dute.
Zuriñe Goitia 27 urteko gaztea da, Gizarte eta Kultura Antropologian Gradua egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean (2016), "Bikaintasunez Graduatua" ziurtagiriarekin amaituz. Asier Barandiaran filologoak osatzen du lantaldea, ibilbide luzeagokoa bizkaitarra.
Hala azaldu digute bekaren irabazleek: "Ikerketa bikotea esperientzia handiagoa duen Asier Barandiaran ikertzaile eskarmentudunak eta Zuriñe Goitik antropologo-ikertzaile hasi berriak osatzen dugu. Hori horrela, gutako bakoitzaren ezagupenak proiektu honetan txertatzea bakoitzaren eginbeharra izango da, etnologia-etnografia ikuspuntua bermatzea Zuriñeren gainean jausiko da eta arlo linguistikoa eta lanaren berme akademikoa Asierren ardurapean egongo dira".
Zuriñe Goitia eta Asier Barandiaran. 2021 Barandiaran Bekaren irabazleak
Zertan datza Barandiaran Bekara aurkeztutako proiektu proposamenak?
Gure proiektuaren helburua XX. mendean zehar Bizkaitik Ameriketako Estatu Batuetara egindako emigrazioa ikertzea da. Bizkaia osoko emigrazioa errepresentatzeko lagin bat aukeratu nahi dugu, emigrazio hori berori aztertzeko. Istorio indibidualek asko dute komunean baina, era berean, bakoitzak bere idiosinkrazia du, horregatik, gure asmoa beka honen bidez gaia modu kualitatiboan ikertzea da. Gainera, denbora kontua da testigantzak jasotzeko ezintasuna aurki izatea, migratzaileak izandakoak (batzuk AEBetan bizi dira eta beste batzuk itzuliak) adinean sartuta baitaude. Beraz, lan honen beharrezkotasunak bultzatu gaitu elkarrekin gaiari sustapen garrantzitsu bat ematera.
Zer berrikuntza ekarriko diozue gaiari?
Guk gaia ikuspuntu etnologikotik aztertuko dugu, eta hori da egingo dugun ekarpen nagusia. Jose Miguel Barandiaranen ikerketa metodologia aplikatuko dugu, horrela lehenengo pertsonan jasotako elkarrizketak izango dira ikerketaren sostengu nagusiak eta bizkaitar emigranteen aniztasunean oinarrituko gara lagin esanguratsua lortzeko. Gainera, emakumeei atal berezia eskaini nahi diegu, euren ahotsa eta testigantzak espresuki jasoz.
Bestetik, emigrazio horren eraginez bai migratzaileen jatorriko gizartean eta baita helburuko gizartean gertatu ziren kultura aldaketa eta berrikuntzetan jarriko dugu arreta berezia, hala nola, ohitura, hizkuntza, mundu ikuskera eta ideia aldaketetan.
Zein izango da zuen lan metodologia, kontuan hartuz Covid 19-ak eragina izango duela oraindik ere 2021ean?
Informazio iturri nagusia elkarrizketatuak eurak izango badira ere, dokumentazio zentro, artxibategi eta bestelako informazio-guneak bisitatuko ditugu material gehigarria lortzeko. Ikerketa bi eremutan banatu dugu, batetik Bizkaian eta, bestetik, Ameriketako Estatu Batuetan. Gure asmoa uda partean Ameriketara bidaiatzea da, bertako agiritegietan arakatu eta elkarrizketak aurrez-aurre egiteko, baina bizi dugun pandemiak sortutako ondorioak zorrotzak izaten jarraituko balute, bigarren fase hori modu telematikoan gauzatzea da gure asmoa, horretarako baditugu kontaktuak eta lagundu ahal diguten pertsonak eta baliabideak.
Arkeologia ardatz Eusko Folklore Urtekariaren 54. zenbakian
2020.12.18
Eusko Folklore Urtekariaren 54. zenbakia kaleratu berri du Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak. Oraingo honetan arkeologia da protagonista eta haren inguruko lau lan jasotzeaz gainera, etnologia alorreko bi artikulu eta beste bi in memorian irakur daitezke.
Ohikoa ez den arren, ez da berria arkeologia arloko gaiak aldizkarian irakurgai izatea, Abel Ariznabarreta aldizkariko zuzendariak hitzaurrean azaldu bezala: “Urtekariaren lehen bost liburukietan Anuario de la Sociedad de Eusko Folklore deitu zen. Izenburu horrek, Barandiaranek 1921eko apirilean Gasteizko Seminarioan sortu zuen ikerketa taldeari egiten zion erreferentzia. Joan den mendearen 20ko hamarkadako lehen zenbaki haien aurkibideak berrikusita, ohikoa da bi ataletan banatuta egotea: bata lan etnografikoei buruzkoa (hein handi batean, on Jose Migelek berak sortutako Laboratorio de Etnología y Eusko-Folklore lantaldeak egindakoak) eta bestea historiaurreko arkeologia-lanei buruzkoa, Telesforo de Aranzadik, Enrique Egurenek eta berak egindako ekarpenekin, besteak beste”.
Esan bezala, lau artikulu dira zehazki Arkeologiari lotutakoak, horietariko bat, 2018ko Barandiaran Bekaren laburpena delarik; 2019ko bekaren laburpena, sorgin eta meigen arteko konparaketa dira ekarpenei dagozkienak. Amaitzeko, bi aitortza; Gurutzi Arregiri eskainitakoa bata, eta Selma Huxleyren inguruakoa bestea, biak 2020an hilak.
Arkeologia
Erdi Aroko arkeologia Hego Euskal Euskal Herrian: balantze kritikoa. Agustin Azkarate Garai-Olaun / Iñaki García Camino
El estudio de las formas de vida de las sociedades neandertales en el yacimiento de Axlor (Dima, Bizkaia): las excavaciones de J.M. Barandiaran y el proyecto del siglo XXI. Talía Lazuen Fernández / Jesús González-Urquijo
Euskal Herriko arkeologiaz eta emakume arkeologoez. Idoia Areizaga-Llorente / Ainhoa Aranburu-Mendizabal
De ayer y de hoy. Documentación, salvaguarda digital y actualización de los trabajos arqueológicos de J.M. de Barandiarán en la cueva de Lezetxiki (Arrasate), a la luz de las excavaciones más recientes y la documentación original (Beca Barandiara 2018) Alvaro Arrizabalaga Valbuena; María José Iriarte-Chiapusso
Ekarpenak
Rituales festivos transfronterizos en el País Vasco (Beca Barandiaran 2019) José Antonio Perales Díaz
Entre la sorgin y la meiga. Relaciones y paralelismos culturales Rafael José Adalid Rodríguez
Aitortzak
Gurutzi Arregi Azpeitia (1936-2020) Etniker Euskalerria
Selma Huxley, euskaldunon lagun ona (1927-2020) Jerardo Elortza Egaña
2020ko azken patronatu bilera egin du Fundazioak

Bizkaiko eta Gipuzkoako hezurrak ikertzen (Barandiaran Beka 2020)
2020.10.30
2020ko Barandiaran Bekaren (Arkeologia) irabazleak beraien ikerketarekin jarraitzen dute. Hala aipatu dio Jose Miguel de Barandiaran Fundazioari proiektuaren zuzendari Miriam Cubas Morera arkeologoak:
"PreCrono ikerketa-taldea laginketak egiten aritu da azken asteetan. Lehenengo irudian, taldeko kide bat ageri da, aztertu behar diren giza hezurren fotogrametria egiteko argazkiak ateratzen, Arkeologi Museoan. Eskerrik asko Arkeologi Museoko teknikariei laguntzeagatik!"
Lurraldez aldatu eta "Gipuzkoako giza hezurren laginak laborategian daude! Irudian, hezur-laginak “mozten”, Gordailuaren zentroari esker zure laguntzagatik eta laguntzagatik!"
Laginketa egiten Arkeologia Museoan. |
Gipuzkoako hezurrak laborategian. |
Barandiaran Beka 2021 deialdia irekita
2020.10.05
Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak Barandiaran Beka 2021 deialdia ireki du. Etnologia arloko proiektuak aurkeztu ditzakete interesatuek eta epea 2020ko azaroaren 30ean amaituko da.
Azken urteetan bezala, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak ikertzaile gazteei zein hasiberriei lehentasuna eman gura die Barandiaran Bekaren bitartez. Horrez gainera, taldeak aurkeztuko balira, hauen parekidetasuna bermatzea ere funtsezkoa izango da deialdi berri honetan.
Bekaren zuzkidura 10.000 eurokoa izango da eta bekaren jasotzaileak urtebeteko epea izango du lana garatzeko; epaimahaiak abenduaren 31 baino lehen emango du ebazpenaren berri.
Oinarriak kontsultatu hemen.