25.urteurrena-Mahai-inguruak

 

“Europa, Barandiaran eta baloreak” mahai-inguru zikloa antolatu du Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak. 

Urriaren 20an hasi eta abenduaren 15a bitartean, Euskal Herriko bost hiriburutan mahai-inguruak egingo dira, guztietan parte hartzaile berdinekin eta gai berberak jorratuz. 

 

 hizlariak

 

:: ASIER BARANDIARAN.-  Barandiaranen baloreak gaur egungo gizartean 

Kristau baloreetan sustraitutako pertsona izan zen Barandiaran. Kultura desberdinetarako ukitze zuzenak, bestalde, ikuspegi diferenteak eskaini zizkion, eta gizakiaren aldeko apustu borobila egin zuen beti. “Maitasuna maite izan zuen pertsona bezala gogora nazatela nahi nuke” esan ohi zuen.  Zintzotasuna, zorroztasuna, onestasuna, solidaritatea, egia, justizia, ondo egindako lana eta balore katea luze bat da Barandiaran mugatzen duena.  

:: ARGITXU CAMUS.-  Barandiaran eta Europa 

Europar konbentzitua izan genuen José Miguel de Barandiaran. Frantsesa, alemana eta ingelesa ikasi zituen bere kabuz. Oso gazte zela, zientzia europearrari  ireki zitzaion. Orduko Europako antropologo, etnologo eta hizkuntzalari ospetsuenenganik ikasi zuen. Zientziaren bila doa iturriraino bertaraino, bere ideiekin alderatu ahal izateko. Eta ordudanik hamaika ikastarotan ikusiko dugu ataundarra Europako unibertsitateetan, ikasle eta irakasle gisa. Barandiaranen lanak etnologia europearrari asko ekarri dio.

:: GASPAR MARTINEZ.-  Barandiaran: Zientzia eta sinesmena 

Barandiaran, ezer aurretik, apaiza izan zen. Horrezaz gain, arkeologo, antropologo, etnologo, historialaria dugu… hots, zientzia gizona. Erlijioa eta zientzia, ordea, uztartzen jakin izan zuen. Oso ariketa zaila, kontuan baditugu garai hartako eliza katolikoaren postulatu hertsiak. Bere zalantzak argitzeko egindako ikasketak sinestunen ikerketa-lanetan oinarrituta zeudenez, sinesmen ezberdinetako ikertzaileen ideien parean jarri nahi izan zituen bereak Barandiaranek, lasaitasun osoa lortzeko.

:: IXONE FERNANDEZ DE LABASTIDA.- Barandiaran eta euskal gizartea 

Jose Miguel Barandiaranen alde antropologikoa aski aztertua izan da. Hala ere, denboraren poderioz eta bere lana ekoiztu zuen momentu historikoa kontutan hartuz, Barandiaran ekintzaile soziala gisa uler zitekeen ere. Europatik zetorren arrazaren inguruko diskurtsoa arintzen lagundu zuen eta baita Euskal Herrian zehar harreman sozialak eta partekatutako nortasun kulturala berregin ere, guzti hau haren metodologia eta ikergaiari esker.