25. urteurrena: Egindakoak

Orain arte egindako mahai-inguruak. 

:: BAIONA, 2016.12.15

"Hemen sartzen dena bere etxean da, 1924tik Baionako Euskal Museoak duen leloa da honakoa", aipatu zuen Baionako mahai-inguruaren aurkezpenean Rafa Zulaika zuzendariak. Eta hala sentitu ziren bai hizlariak, eta baita entzuleak ere Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak antolatutako "Europa, Barandiaran eta baloreak" zikloaren azken hitzorduan.

Baiona 1

(Rafa Zulaika, Baionako Euskal Museoko zuzendaria aurkezpen lanetan)

Asier Barandiaranek, Ixone Fernandez de Labastidak, Argitxu Camusek eta Gaspar Martinezek euren gaiak argi jorratu zituzten Barandiaranek ere ezagutu zuen Euskal Museoaren baitan. "Barandiaran erbesteratua zelarik Euskal Museoaren sorreran aholkatu zuen, eta gerora ere etorri izan zen eraikin honetara", gogora ekarri zuen Camusek. 

Lau hizlarien ostean, bertaratutakoek ere hartu zuten hitza, zientziaren eta fedearen arteko bizikidetzaz berba egiteko, zein anekdotaren bat kontatzeko ere: "Gure etxean ez genuen Barandiaran ezagutzen, apez-txikia baizik, eta modu berezian gainera. Bere ehungarren urtemugaren aitzakiaz Ataungo Sara Etxera joan nintzen amarekin,  eta esan daiteke saratar oro ongietorria zela bere etxean. Modu berezian oroitzen zuen gure herria, eta ehun urterekin ere buru argia zeukan, etxe bakoitzeko bizilagunez galdetzen zigun, izen eta abizenekin. Harrituta geratu nintzen". 

:: IRUÑEA, 2016.12.01

Nafarroako Errege Artxibo Nagusian, Iruñean, izan zen "Europa, Barandiaran eta baloreak" izeneko mahai-inguruaren laugarren hitzordua. Nafarroako Gobernuaren eta Laboral Kutxaren laguntzari esker aurrera eramandako ekitaldiak harrera polita izan zuen Nafarroako hiriburuan.

Iruea 1

(Ana Herrera Isasi, Nafarroako Kultura Kontseilaria eta Fundazioko patrono-kidea, entzuleen artean)

Barandiaranek Nafarroarekin izaniko harremana azpimarratu zuten hizlariek abenduaren 1eko mahai-inguruan, tartean, Nafarroako Unibertsitatean Euskal Hizkuntza eta Kultura Katedra zuzendu izanaz hitz egin zuten. Gainera, entzuleen artean bere ikasle izanikoak ere egon ziren, eta gogotsu ekarri zuen haietariko bat gogora Barandiaranen baloreetariko bat zen apaltasuna, hainbat adibide ipiniaz.

Iruea 2

Gaspar Martinez, Asier Barandiaran eta Argitxu Camus irten ziren publikoaren aurrera euren gaiak jorratzera, eta nahiz eta Ixone Fernandez de Labastidak ezinezkoa izan zuen bertaratzea, areto nagusian elkartutakoek Martinezen ahotik ezagutu zituzten antropologo gasteiztarrak esan beharrekoak.

:: DONOSTIA, 2016.11.17

Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneak hartu zuen azaroaren 17an "Europa, Barandiaran eta baloreak" mahai-inguru zikloaren hirugarren hitzordua. Gipuzkoako hiriburuko ekimena antolatzeko Kutxa Fundazioaren laguntza jaso du batetik Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak, eta bestetik KM Kulturunearen kolaborazioa ere izan du. 

Donostia1  2016.11.17

(Mahai-ingurua hasi berri)

Ezinbestean aipatu behar da Donostiako hitzorduan ohiko hizlariez gainera (Asier Barandiaran, Argitxu Camus, Gaspar Martinez eta Ixone Fernandez de Labastida), AEBko Reno hiriko Nevadako Unibertsitateko William A. Douglass Center for Basque Studies-eko zuzendari eta irakasle Xabier Irujok ere parte hartu zuela. Bideo hitzaldi bitartez, unibertsitate bereko Jon Bilbao Basque Librarytik zuzenean jarraitu zuten Donostiako hitzordua eta Irujok Barandiaran eta erbesteari buruzko zertzeladak eman zituen. 

Donostia2  2016.11.17

(Xabier Irujoren txanda)

 

Irujok, besteak beste, Barandiaranek erbestean izandako eragina azpimarratu zuen, tartean, hainbat kultur taldeen zein han eta hemen sortu ziren idazle sareei buruzko datuak eman zituen.

:: BILBO, 2016.11.03

Bilboko Euskal Museoa izan zen "Europa, Barandiaran eta baloreak" mahai-inguru zikloaren bigarren geltokia, azaroaren 3an. Abel Ariznabarreta, Eusko Folklorearen Urtekariaren zuzendaria, izan zen Bizkaiko hiriburuko hitzorduaren aurkezle. 

Bilbo 1

(Abel Ariznabarreta, Karmele Goñi eta Gaspar Martinez)

Gaspar Martinez hizlariak honakoa adierazi zuen: "Oso toki aproposa da Bilboko Euskal Museoa mahai-ingurua egiteko, izan ere, Barandiaran bera hainbatetan gonbidatua izan zen bertara. Gainera, Karmele Goñi, museoko zuzendari ohia eta Etniker taldeen bultzatzaileetariko bat entzuleen artean edukitzea paregabea da". 

Bilbo 2

Ordu eta erdi inguruz Asier Barandiaranek,Argitxu Camusek, Ixone Fernandez de Labastidak eta Gaspar Martinezek Jose Miguel Barandiarani buruz esateko zituztenak entzunda, galdera-erantzunentzako tartea ere egon zen.

 

:: GASTEIZ, 2016.10.20

"Europa, Barandiaran eta baloreak" mahai-inguruaren lehenengo hitzordua Gasteizen izan zen 2016ko urriaren 20an, Vital Fundazioa Aretoan. Jende ugari bertaratu zen Jose Miguel Barandiarani buruzko ikuspegi ezberdin bat ezagutzeko eta adi-adi jarraitu zituzten aretoan esandakoak.

Gasteiz 4

 

Hizlari bakoitzak 10 minutu pasatxoz hitz egin zuen bere gairi buruz, eta amaieran mahai-ingurua borobiltzeko, hainbat ikus-entzulek ere parte hartu zuten, dela beraien iritziak emanda zein Asier Barandiaran, Gaspar Martinez, Ixone Fernandez de Labastida eta Argitxu Camusi galderak eginez. 

Gasteiz 1

 (Gaspar Martinez, Ixone Fernandez de Labastida, Asier Barandiaran eta Argitxu Camus)

Gasteizko mahai-ingurua aurrera eraman ahal izateko Vital Kutxa Fundazioaren laguntza ezinbestekoa izan du Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak, berak babestu baitu Barandiaranen heriotzaren 25. urteurrenaren harira antolatutako egitarauaren lehenengo hitzordua.